Binaka lortu ez zuten txapela bilatuko dute gaur, bakoitzak bere aldetik Endikak eta Utergak. Elkarren aurka ariko dira, 16:00etan Galarretan, Buruz Buruko Masterraren finalean.
Elkarrekin aritu ziren iaz, Binakako Txapelketan, eta ondo ezagutzen dute elkar. Endikak bere alde izango du erritmoa, hirugarren partidua izango baitu txapelketan; Utergak, berriz, finalean bertan jokatuko du estreinakoa.
«Endika joku askorekin dago, nire onena eman behar dut»
Utergak garbi dauka partidu zaila izango duela: «Endika joku askorekin dago, eta irabazteko, nire onena eman beharko dut. Binaka eta buruz buru, oso ondo ari da».
Finalerako, aurrez erabilita dauden pelotak hartu ditu Utergak: «printzipioz, bote gutxiago eduki behar dute. Udan oso ondo aritu nintzen horrelako pelotekin».
«Sakearekin eta errebotean konfiantza haundia daukat»
Endikak, berriz, oso pelota biziak aukeratu zituen: «sakearekin min egin behar dut. Orain, konfiantza haundia daukat sakearekin eta errebotean». Aurreko bi partiduek eman diote konfiantza hori, baina badaki finala beste kontu bat dela: «edozer gerta daiteke, nerbioek garrantzia izango dute».
Beretzat, Uterga da faboritoa: «errekurtso asko dauzka, eta dena egiten du ondo: sakea, errebotea... Oso ondo jokatu beharko dut».