Zapottikiya, ordu ttikietako kantari haundia

Kronika - Erredakzioa 2015ko urt. 10a, 01:00

Zenbat aldiz entzun ote dugu zapottikiyaren kantua, gauez, ordu txikietan. Izan ere, kantari haundia da zapottikiya, Alytes obstetricans, euskara batuan txantxikua. Oso normala da Hernanin eta inguruetan ikustea, eta beste zapoaren (Bufo bufo) antzik ez dauka, ez tamainan, ez bizi ohituretan, eta ez kanturako zaletasunean.

Arra, bizkarrean 100 arrautza daramazkiela...
Ikusi al duzue inoiz zapo bat bizkarrean arrautzak daramazkiena? Zapottikiya da, eta 40tik 150 arrautza bitarte garraiatu ditzake, bere gainean, gero txalburuak jaioko diren putzuraino. Arra izaten da langintza hori hartzen duena. Bat, bi edo hiru emeren arrautza ernalduak hartuko ditu bizkarrean, eta etxe ondoetako aska, putzu edo erreka bazterretan utziko ditu. Ibilkari ona behar horretarako, eta halakoxea izan, anfibio txiki hori. Bere lehengusu haundia, zapua (Bufo bufo) baratzazalea den gisara, zapottikiyak nahiago ditu pareta bazterrak, erreka bazterretako legarrak, kainu zuloak, sastrakak...

Buru zabala eta mutur motza ditu, kolore arri-horizta, eta begi haundiak


Buru zabala eta mutur motza, kolore arre-horizta, eta begi haundi haundi nabarmenak, begi ninia goitik beherakoa dutenak. Bizkarralde pikorduna, eta hanka motz bezain sendoak. Lur-maitea da, txalburutan beste anfibioek baino denbora gehiago egiten du urean, eta ur-asetuta edo... behin heldu izatera iritsita, ez du urean denbora askorik gal­tzen. Horregatik, behatz arteko mintza oso txikia du.

Kuk, kuk, kuk... kantu ezaguna, baina kostako zaizu ikusten!
Zabaldua dago arrunt, hasi itsasotik eta Pirineoetako 2.500 metro ingururaino. Hargatik da gehienontzat ezaguna haren kantu fina. «Kuk, kuk, kuk...» edo «kunk, kunk, kunk...» Arbizu alde horretan kunkuna deitzen zaio zapottikiyari. Ordu txikietako kantari haundia, guri kuku egiten ari dela iruditu liteke zenbaitetan, baina saiatu bilatzen... eta berehala konturatzen da bat, anfibio honek nahiago duela izkutuan egon. Noski, bere maiteari ari zaio kantuan, emea arrari eta arra emeari, biak baitira kantari.

Oso zabaldua dago, hasi itsasotik eta Pirineoetako 2.500 metro ingururaino.


Azken boladetan ikertzen ari dira bi gaitzek (Aeromonas hydrophyla eta Quitridiomi­ko­sia) mendi goinetako kideei eragin dien kaltea. Gainera­koan, gizakiaren oso ondoraino etorri izan da konpleju haundirik gabe, eta hirietan ere defendatzen da. Ia hibernatu ere egin gabe, zomorrorik txikienak janez (2-28 mm ingurukoak), urte luzean segi dezala bere ohitura ez oso ohizkoekin, gure belarriak goxatzen.

Azken fitxa
Zapottikiyaren fitxarekin 14 izan dira Kronikak publikatu dituen fitxak, Ziraba proiektuaren barruan. Bertako espezieak eta bertako izenak jendeari ezagutarazi nahi izan zaizkio, eta zapottikiyarena izan da publikatuko den azken fitxa.

FITXAK

1. Rana temporaria - Ingela gorriya / ingela lehorrekua
2. Lissotriton helveticus: Lauhankekua / arrobiyua
3. Bufo spinosus: Zapua
4. Zootoca vivipara: Suangilla
5. Vipera seoanei: Sube gorriya
6. Zamenis longissimus: Sube beltza / sube nabarra
7. Triturus marmoratus
8. Podarcis muralis vs. pod. liolepis: Suangillak
9. Lacerta bilineata: Muskarra / Muzkarra
10. Natrix maura vs. Natrix natrix: Ur subia vs. Sube berdia / sube urdina eta sube lepotxuriya
11. Anguis fragilis: Ziraba / zirauna
12. Pelophylax perezi: Ingela berdia / ingela urekua / iela
13. Salamandra salamandra: Arrobiyua / mendi-arrobiya
14. Alytes obstetricans: Zapo ttikiya

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!