Hernaniko preso politikoen inguruko dosierra egin dute Udal Gobernuak eta herriko presoen senide eta lagunek elkarlanean, eta txosten hori aurkeztu zuten asteazkenean.
Luis Intxauspe alkateak eman zituen azalpenak. 24 presoen egoera jasotzen da bertan eta eskubide urraketen berri ematen da. Instituzioei helaraziko zaiela azaldu zuen.
Liburutegian, Udaleko harreran eta hainbat tabernetan eskuratu daiteke. Formatu digitalean ere eskuratzeko aukera dago.
«Dispertsioaren mapa agertzen da bertan: distantziak, familiaren kostuak... Presoen egoera, zigorren taula, presoen fitxa, datu pertsonalak, espetxeak, osasun egoera, atxiloketei buruzko informazioa... Hernanin, bi preso gaixo ere badauzkagu, legediaren arabera etxean beharko luketenak», azpimarratu zuen alkateak.
Azken atalean, senideen aldarrikapenak jasotzen dira eta horien berri eman zuen Mayi Ugartemendia senideak: «Tratu duin eta begirunezkoa jasotzeko eskubidea, osasun eskubidea, komunikazio eskubidea, hizkuntz eta hezkuntza eskubidea, ama eta aitatasun eskubidea, askatasunerako eskubidea, Euskal Preso Politikoen Kolektibo gisa, Euskal Herrian eta elkarrekin bizitzeko eskubidea».
2014 urtean zehar osatu da txostena eta konpromisoa hartu dute txostena 6 hilero eguneratzeko.
Bihar Bilbora joateko deia
Bihar Bilboko manifestazio nazionalera joateko dei egin zuen Ugartemendiak, eta alkateak ere azaldu zuen Gobernu Taldeak bat egiten duela deialdiarekin: «2014an presoen egoera okertu egin da, ea 2015a dispertsioarekin bukatzeko urtea den. Gure begirunea adierazi nahi diegu preso eta senideei». LABek ere dei egin zuen manifestaziora joateko.
Manifestazioa bi lekutatik abiatuko da (Udaletxetik eta La Casillatik) eta azaldu zuten Hernanikoak udaletxeko plazatik abiatuko direla.
Bestalde, babesa adierazi zieten astelehenean hasiko den epaiketako 35 auzipetuei; tartean, Alazne Arozena eta Nekane Erauskin hernaniarrei.