Eguraldia sagardoaz ordezkatu, eta txotx denboraldia iragarriko dute igandean, Ana Urrutia eta Andoni Aizpuru ETBko Eguraldia saioko kideek. Irekiera ekitaldia 12:30etan izango da Gudarien plazan. Omenduek egingo dute aurreneko tragoa eta ondoren, nahi duenak izango du aurtengo sagardo berria probatzeko aukera.
Egun osoko festa
Irekiera ekitaldia eguerdian izango bada ere, festa, egun osoan zehar antolatu dute. Suziriak botako dituzte 11:00etan eta segidan, Apaxi ipuin kontalariak girotuko du udaletxeko arkupea. Ondoren, trikitilari, Kalez kale kantari eta txalapartarien txanda izango da.
Urtero bezala, bazkaria ere egingo da sagardotegian. Aurten, Itxas-Burun antolatu dute. Eta arratsalde partean, erromeriaz gozatzeko aukera izango da.
Bazkariko txartelak, bihartik
Itxas-Buru sagardotegiko bazkaria irekia da eta nahi duenak du joateko aukera. Txartelak 20 euroan daude eskuragarri, Biteriko turismo informazio bulegoan (08:00-15:00). Bihartik ostiralera bitarte egongo dira erosgai. Bestalde, Itxas-Burura joan-etorria autobusez egiteko aukera izango da. Autobuseko txartela autobusean bertan ordaindu beharko da.
Sagar Lasterra, Sagar Martxa...
Txotx denboraldia lau hilabetez luzatuko da, apirila bukaera arte, hain zuzen. Eta denboraldiaren barruan, beste hainbat ekintza ere izango dira Hernanin, urtero bezala. Otsailaren 28an, Sagar Lasterra herri lasterketa egingo da bederatzigarren aldiz. Sagardotegien ibilbidean zehar, 9 kilometro inguru egin beharko dituzte korrika. Izen ematea laster irekiko da. Martxoaren 15ean, berriz, Tolarea Sagardo Naturalaren Kofradiaren Kapitulua izango da. Eta apirilaren 12an, seigarren Sagar Martxa, egun erdiko ibilia.
Eskaintza zabala, turismoari begira
Turismo aldetik ere eskaintza zabala antolatu du Udalak. Otsaileko, martxoko eta apirileko asteburuetan, lau aukera hauek izango dira: turismo informazio puntua irekia (larunbatetan eta Ostiral Santu egunean 10:15-14:15/16:30-19:30; igandetan 11:00-15:00); bisita gidatuak hirigune historikoan; pakete turistikoa (bisita gidatua hirigunean+tren berdean sagardotegira+sagardo dastaketa sagardotegian+tren berdean herrira); eta esperientzia (aipatutako paketea+bazkaria sagardotegian).
EGITARAUA
Igandean, txotx denboraldiaren inaugurazioa Gudarien plazan.
11:00 Suziriak eta Apaxi ipuin kontalaria. Udaletxeko arkupean.
11:00-11:45 Trikitilariak, herriko kaleetan.
12:00 Kalez kale kantari. Plaza Berritik abiatu eta kalejiran Gudarien plazaraino. Txalapartariak udaletxeko arkupean.
12:30 Txotx irekiera, Gudarien plazan.
14:30 Bazkaria, Itxas-Buru sagardotegian.
18:30-20:30 Erromeria, Plaza Berrin (eguraldi txarra bada, Atsegindegin).