Sarea josten jarraitzeko, eta sakabanaketarekin bukatzeko, ekimena antolatu du Hernaniko Sarek, preso eta iheslarien eskubideen aldeko sare herritarrak, gaur. Eguerdiko 12:30etan hasiko da, Plaza Berrin, eta letra haundi batzuk josiko dituzte guztien artean.
Dei egin diete herritar guztiei, bertaratzeko: «lagundu guztion artean beharrezko dugun sarea josten».
Pintxo eta edariak ere bai
Plaza Berrin bertan, pintxo eta edariak dastatzeko aukera ere izango da. Gainera, informazio puntu bat jarriko du Sarek: bertan emango dute ekimenari buruzko informazioa, sakabanaketaren liburuxkak...
Bertan emango dute, halaber, urtarrilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazio nazionalaren berri. Horretara joateko, gainera, autobusak antolatu dituzte Hernanitik, 15:30etan eta 16:00etan abiatuta. Txartelak salgai egongo dira gaur Plaza Berrin, eta Txili, Oindi eta Garinen.