‘Loreak’ pelikulako aktoreek irekiko dute txotx denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 31

Hamabost egun besterik ez dira geratzen txotx denboraldi be­rriari ekiteko eta astelehe­nean jakinarazi zuen Sagar­doaren Lurraldeak zeintzuk izango diren aurtengo prota­gonistak. Hain zuzen, Loreak pelikulako hiru prota­go­nistek irekiko dute aurtengo lehe­nen­go kupela, «Gure sagar­do berria!» oihu­katuta. Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru dira aktoreak. Urtarrila­ren 14an izango da, 13:45etan. Eta aurten, Bere­ziar­tua sagardo­tegian egingo da irekiera ekital­dia.

Sagar dantza eta sagardogileen soka dantza
Aurtengo ekitaldiak berezita­su­­nik ere izango du. Erritual koreografikoa egingo dute pro­tagonistak sagardotegira sartzera gonbidatzeko. Txala­par­tarien deiarekin, Arizkun­go sagar dantza dantzatuko du­te Astigarreko kideek eta gero, sagardogileek soka dan­tza egingo dute, elkarri eskua emanda. Halaxe bideratuko dituzte protagonistak kupele­ra. 

Sagardo berriaren aurkezpena
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da. Hain zuzen, Andoni Gartzia alkateak uzta berria aurkeztuko du Sagardoetxea Museoan. Sagarraren eta sa­gardo berriaren ezaugarriak azalduko ditu, sagardoaren munduko gertaera garran­tzitsue­ne­kin batera.
Ondoren, 12:45etan, pro­tago­nis­tek sagarrondo bat landatuko dute Sagardoetxea­ko sagastian. 

Pintxoak, tabernetan
Festa herrira gerturatu nahi du Sagardoaren Lurraldeak eta aurten ere Pintxotx ekimena izango da. Hau da, 18:00etatik 20:00etara, sagardo berria eta pintxo bereziak eskainiko dituzte Astigarragako tabernek. Horrez gain, sagardotegiek ateak irekiko dizkiete herriko kultur taldeei, afaltzeko. 

EGITARAUA
11:30-12:00 Komunikabideei akreditazioak emango zaizkie Sagardoetxean.
12:00 Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan azalduko dira 2014ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak eta 
sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak.
12:45 2015ko Sagardo Berriaren Eguneko protagonistak sagarrondo bat landatuko du Sagardoetxeako sagastian.
13:30 Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantzak eta sagardogileen soka dantzak protagonistak kupelera gerturatuko dituzte.
13:45 Astigarragako Bereziartua sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko da eta honekin batera, 2015eko txotx denboraldi berriari hasiera 
emango zaio. 
Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.
18:00-20:00 Pintxotx Astigarragako tabernetan.
20:30 Herriko elkarteen afariak sagardotegietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!