Urteko azken Plenoa izan zen asteartean. Besteak beste, kiroldegia berritzeko lanak martxan jartzea onartu zen, aho batez. Azpimarratzekoa da, aldagelak berrituko direla eta dutxa gehiago ere jarriko dira komun batzuk kenduta. Aireztapen sistema ere berrituko da aldageletan eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko egokituko dira. Gimnasioan ere aireztapen sistema hobetuko da eta eraginkortasun energetikoa areagotzeko asmoz, eguzki plakak jarriko dira dutxetako eta igerilekuko urak berotzerakoan, energia kontsumoa murrizteko. Ur hodi sarea ere berrituko da eta korridoreetako lurra aldatuko da, «gaur egungoa oso irristakorra baita», azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak.
Denera, 300.000 euro bideratuko dira Kiroldegia berritzeko lanetara eta 2013, 2014 eta 2015eko aurrekontuetako partidekin finantziatuko dira. Gobernu Taldeak gogorarazi du, parte hartze prozesu bat egin zela herritarren eskaerak kontuan hartzeko eta enpresa batek Kiroldegian egin beharreko lanen diagonostikoa egin zuela: «2013 bukaeran egin zen parte hartze prozesua eta LKS enpresak 2014ko udarako prestatu zuen diagnostikoa. Ondorioz, udaran egin dira lehenengo berritze lanak. Kirol pistaren gaineko sabaia berritu zen eta suteen prebentziorako hainbat neurri hartu ziren. Orain, beste lan hauekin, herritarrekin hartutako konpromisoa beteko du Udalak».
Aldundiaren diru laguntza
Gaineratu zuten, LKS enpresak egindako diagnostikoak beste hainbat berritze lan egitea gomendatzen duela. Asmo horrekin, Udalak diru laguntza eskaera egin dio Aldundiari eta 2016an 300.000 euro jasoko ditu kiroldegian obrak egin ahal izateko.
Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak proiektuarekin ados zeudela esan zuen, baina lanak finantziatzeko sistema ez zitzaiola egokia iruditzen, hau da, urte bat baino gehiagora luzatzea. Zorione Etxezarraga EAJko bozeramaileak proiektuarekin lotuta, Gobernu Taldeari eskatu zion behingoz onartzeko Plan Orokorrak eta Urumea Berri proiektuak eman dituen onurak: «Besteak beste, obra hau egiteko aukera». Alkateak erantzun zion aurretik zegoen proiektuak ere emango zituela onurak, diru iturriak eta arazo gutxiago, eta ez zuela zentzurik esaten ari zenak.
50.000 euro, alokairu sozialerako
Alokairu soziala bultzatzeko asmoz, dirulaguntza arautegia ere onartu zuen Plenoak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Alkateak azaldu zuenez, «Udalaren helburua da, Astigarragan gaur egun dauden etxe hutsak babes sozialeko alokairuan jartzea, eta horretarako diru laguntzak bideratuko dira etxe hutsen jabeentzat eta maizterrentzat». 50.000 euro bideratuko dira. Batetik, 32.000 euro bideratuko dira bere etxe hutsa alokatu nahi duten jabeentzat. Eta etxean obra egin behar izanez gero, Udalak obraren aurrekontuaren %75a hartuko luke bere gain, 6.000 euroko mugarekin. Dirulaguntza horiek jasotzearen ordainetan jabeek muga bat edukiko dute alokairuaren prezioa ezartzerako orduan. Diru laguntzen partidaren beste zatia maizterrentzat izango da. Honen bidez, astigartarrek ez lukete beren diru sarreren %30a baino gehiago bideratuko etxearen alokairura. Alokairu hauetara sarbidea izateko zenbait baldintza beharko dira, batik bat, ekonomikoak.
Udalak bideratuko lukeen diru partida horrekin, 5 etxebizitzari buruz ariko lirateke. Udalaren helburua da urtero eskaera eta aurrekontuaren arabera gaia lantzea. Astigarragan 70-100 etxe huts daude errekargua aplikatzen zaienak.
Bai EAJ bai H1!eko ordezkariek azaldu zuten hainbat zalantza argitu eta proiektua hobeto aztertu nahi zutela. Orain, 30 eguneko alegazio epea zabalduko da. Plenoak behin betiko onarpena ematerakoan, udalak jakinaraziko du izen emateko epea noiz hasiko den.
Mendiaundi-Anibar eta Bidebitarte eremuei lotuta, Plan Orokorrean egin beharreko aldaketak ere onartu ziren eta baita gastuak ere, Garbitaniarekin lotuta, besteak beste.