Martxan dira Urumea ikastolako eraikina haunditzeko lanak. Aurreko astean hasi ziren, eta dagoeneko bota dute sarrerako aterpea zena. 10 hilabeteko epean bukatuko dute haunditzea, eta 6 ikasgela berri izango ditu ikastetxeak.
Gaur egun, 3.503, 54 metro karratu dauzka eraikinak, eta obrak bukatutakoan, 947,5 m2 gehiago edukiko ditu. Larramendi kalera ematen duen aldean egingo dute haunditzea; terraza dagoen aldean, hain justu.
6 ikasgela berri, eta jangela haundiagoa
Haunditzearekin, sei ikasgela normal gehiago izango ditu ikastetxeak, eta balio anitzeko gela bat eta musika gela berri bat ere bai. Guztira, beraz, sei gela berri izango ditu eraikinak. Gainera, jangela haundiagoa izango du. Oraingo musika gelak uzten duen lekua aprobetxatuko dute, jangela haunditzeko eta langileentzako gela bat egiteko, aldagela eta guzti.
Gela arruntek 55 m2 inguru izango dituzte, bakoitzak; eta balio anitzeko gelak eta musika gela berriak 89,53 m2. Jangelak, haundituta, 146,82 metro karratuko azalera hartuko du. Eta langileen gelak eta aldagelak, 40,79 m2.
Oraingo eraikinaren altuera eta zabalera berdinak
Eraikinari gehituko zaion zatiak, oraingoaren altuera eta zabalera berdinak izango ditu. orain dagoen portxearen gainean eraikiko da, espazio hori itxiz, goiko pisuetan.
Beheko solairuan portxea egongo da, orain bezala, eta lehenengo solairuan terraza mantenduko da. Goiko bi pisuetan egingo dira gela berriak: bigarrenean, bi ikasgela eta balio anitzeko gela; eta hirugarrenean, beste bi ikasgela eta musika gela berria.
Aurrekontua, 1.256.757,37 euro
Proiektuaren aurrekontu osoa, 1.256.757,37 eurokoa izango da, eta lanak egiteko, 905.000 euroko inbertsioa bideratu du Eusko Jaurlaritzak. Jose Erkizia Olaziregi arkitektoak burutu du proiektua, Angel Gonzalez Mangas eta Isidro Aliri Aristigieta teknikariekin batera.