Buruz Buruko V. Masterra jokatuko da Galarretan, gaur hasita, eta momentuko bost erremontista onenek neurtuko dituzte indarrak. Rankingari begiratu diote, torneoko protagonistak aukeratzeko, eta San Miguel eta Urrizaren bajekin, hurrengo bost postuetan daudenak ariko dira: Barrenetxea IV hernaniarra, Etxeberria IV, Ion, Endika eta Uterga.
Endika eta Ion izango dira aurrez aurre, gaur. Endika Barrenetxeak, berriz, Etxeberria IVren kontra izango du kanporaketa, urtarrilak 3an. Errege bezperan jokatuko dute semifinala, bi irabazleek. Eta finalean zain, Uterga izango dute, urtarrilak 10ean.
«Momentu onenean datorkit torneo hau»
Gorputzaldi onarekin iritsiko da Barrenetxea. Baina, batez ere, konfiantzarekin: «udaren ondoren, behera egin nuen, jokoa ezin hartu, eta konfiantza puntu bat falta nuela. Azken hilabetean hartu dut berriz konfiantza eta jokoa».
Aurkari gogorra izango du, ordea: «indartsuena da Etxeberria, Utergarekin batera. Gora egin du azken bi urteotan, eta onenen artean dago. Baina gogoa daukat, aukerak dauzkadala uste baitut». Garbi dauka nola jokatu, azpeitiarrari min egiteko: «sakea aprobetxatu behar dut, eta partidua luzatu, fisikoki hobeto nagoelako».
Irabaziz gero, aukera asko ikusten ditu Barrenetxeak, finalean sartzeko: «Endika eta Ion atzelariak dira, eta antzeko gabeziak dauzkagu denok».
«San Miguel kanpoan geratu da, kantxan erakutsi duen jarreragatik»
Bi baja garrantzitsu izango dira txapelketan. Lesioagatik Urrizarena, eta antolatzaileen erabakiz San Miguelena: «kantxan erakutsi duen jarreragatik geratu da kanpoan; ez dator bat enpresak eskatutakoarekin», argitu du Jose Mari Barrenetxeak.