Korrika agurtuko dute urtea, ehundaka haur, gazte eta heldu hernaniarrek. Wukroren aldeko San Silbestre lasterketa egingo da gaur, 17:30etan hasita, Plazatik. Bigarren urtez antolatu dute, iazko arrakasta ikusita.
Haurrak izango dira parte hartzen aurrenekoak, 0 eta 8 urte artekoak; 17:30etan abiatuko dira. 9 eta 13 urte artekoak, berriz, 17:35etan irtengo dira. Erdigunean zehar ibiliko dira guztiak, eta izen ematea doan izango da.
Helduen lasterketa, 17:45etan
Haur eta gaztetxoek bukatutakoan, helduek hartuko dute txanda. 17:45etan abiatuko dira, 4 kilometroko ibilbidea osatzeko. Lehia eta umorea ez dira faltako, ibilbide osoan. Izan ere, mozorrotuta ere aterako dira asko, urtea umore onean bukatzeko. Saria ere izango da, mozorro politena eta graziosoena janzten duenarentzat.
Apuntatzeko aukera oraindik, irteeran
Aurretik izena eman dutenek, irteera puntuan jaso beharko dituzte dortsalak, 16:00etatik 17:40etara bitartean.
Apuntatu ez direnek, badute aukera oraindik ere, urtea lasterka bukatu eta ondo pasatzeko. Irteeran eman ahal izango dute izena, 16:00etatik 17:40etara bitartean. 10 euro izango dira.
Ikusentzunezko lehiaketaren sariak, bukaeran
Lasterketa aprobetxatuz, gaur banatuko dituzte sariak, Hernani eta Wukroko bizimodua islatzeko asmoz egin den ikusentzuneko lehiaketan. Lasterketa bukatzean izango da sariketa.