Etxebeste farmazia (Elkano kalea, 9) izango da erreferentzia aurten, gauez edozein sendagai erosi behar dutenentzat. Gaueko guardia guztiak egingo ditu Etxebestek, 2015 urtean. 22:00etatik 09:00etara egingo dute turnoa, gerta daitezkeen larrialdiei erantzuteko. Kontakturako telefonoa: 943 55 20 87.
Horretarako, gaueko turnoez arduratzen direnen laguntza izango dute: Marian Arbaiza, Yolanda Caro eta Mar Santamaria. Beraiek egingo dituzte guardiak. Eguneko martxa, berriz, farmaziako arduradunek eramango dute: Jorge Etxebeste, Carmen Noblejas, Maider Indart eta Ana Etxeberriak.
«Lan gutxi, baina larrialdiak»
Beraiek ez dituzte, beraz, gaueko bezeroak atendituko, baina badaukate esperientzia horretan. Urte askotan aritu da Jorge Etxebeste, gauez: «lana gutxi izaten da, baina larrialdiak izaten dira gutxi horiek. Kezka eta ardura dago gehiago, gaueko turnoetan». Urgentziazko gauzak izaten dira, anbulatoriotik zuzenean datozenak.
Eguneko martxan ez du eragin askorik izaten horrek: «normaltasunez jarraitzen dugu lanean. Gauean zerbait baldin badago, beharbada egunez pasatzen digute. Baina gainerakoan, berdin jarraitzen dugu», diote.
Eguneko guardiak, txandaka
Etxebeste farmaziari egokitu zaio gaueko guardiak egitea, 2015ean; egunekoak, berriz, txandatuz beteko dituzte, Hernani, Astigarraga eta Urnietako farmaziek. Guardia duenak kubritzen ditu 13:30etatik 16:00etara eta 19:30etatik 22:00etara bitarteko hutsuneak.
Hain justu, Etxebestek berak egingo ditu eguneko guardiak gaur eta bihar, egutegi berriari heldu baino lehen: «eguneko guardia bukatu, eta gauekoa hasiko dugu».