Puntuz Puntu dinamika martxan, lehentasunak markatzeko

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 30a

Hurrengo lau urteetan zein norabide hartu erabakitzeko lanetan dabil EH Bildu, eta herritarrekin elkarlanean finkatu nahi du hori. Horregatik, Puntuz Puntu dinamika jarri dute martxan, 2015-2019 legealdirako lehentasunak markatzeko.

Hauteskundeen zerrendarako, hautagaiak proposatu ditzakete herritarrek.

Legegintzaldi berrian, zein erronka eta politika nagusi garatu beharko liratekeen biltzea da asmoa. Horrela, alderdiaren programa osatu nahi dute, «ahalik eta jende gehienarekin hitz egin, kontrastatu eta adostuta».

Herritarren ekarpenak jasotzeko, hainbat bide
Herritarren ekarpenekin ari dira prozesua osatzen, eta hainbat bide jarri dituzte horretarako. Batetik, batzar, mintegi eta lanketak egingo dira, datozen hilabeteotan. Eta bestetik, aukera ezberdinak ireki dituzte, proposamenak jasotzeko: webgunean, www.hernani.ehbildu.es;
hernani@ehbildu.net helbide elektronikora idatziz; eta herriko zenbait puntutan (Rioja eta Garin tabernetan, esaterako) dauden inkesta eta galdetegiak betez.

Hautagaien zerrendarako, proposamenak
Bide horiek erabiliz, herritarrek aukera dute, halaber, hauteskundeen zerrendarako hautagaiak proposatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!