Errugbiko Euskal Selekzioak aurrea hartu zion larunbatean Kataluniakoari, Bartzelonan jokatutako Hirugarren Mendeurreneko Kopako partiduan. 23 jokalarik osatutako euskal taldeak irabazi zuen, 33-38. Tartean ziren Hernaniko bost jokalari: Igor Genua, Peio Perez, Iñaki Leonet, Igor Etxeberria eta Iraitz Garmendia, hain zuzen.
Partidu ikusgarria, eta aukera askotakoa
Peio Urkidi, Euskal Selekzioko selekzionatzaileak zoriondu egin zituen jokalariak, eta eskerrak eman zizkien, «bakoitzak erakutsitako kalitateagatik, eta gai izateagatik partidu on bat egin, ikuskizuna eman eta Kataluniako selekzio indartsuari irabazteko».
Hain zuzen, joko ederra erakutsi zuten. Katalanak indar haundiagoarekin atera ziren zelaira, eta berehala lortu zuten 3 eta 0koa. Baina Genuak entsegu batekin erantzun zuen. Segidan beste entsegu bat egin zuten katalanek, eta euskaldunek erantzun, berriro; 10-14.
Bigarren zatian, Katalunia indartsu atera zen zelaira, eta aurreneko 15 minututan 15 puntu lortu zituen. Partidua azkartu egin zen orduan. Peio Perezek Kataluniari moztutako pase bati esker, Euskal Selekzioak entsegua egin zuen (25-19). Segidan, Genuak ateratako falta bati esker entsegua egin zuen Leonetek. Peio Perezek egin zuen hurrengoa, eta Leonetek transformatu. Beste entsegu bat ere lortu zuten euskaldunek. Kataluniarrek erantzun egin zuten, baina partidua euskaldunentzako zen dagoeneko; 33-38.