Ikaragarrizko giroa zegoen atzo Hernaniko frontoian, harmailak beteta.
Emakumezkoen paleta goma partidua jokatu zen aurrena. Publikoak gogotik animatzen zituen Euskal Selekzioa eta baita Hernani ere; Amaia Irazustabarrena ari baitzen jokatzen, Anoetako Maider Mendizabalekin. Euskaldunak aurretik izan ziren partidu osoan, eta bukaera polita eman zioten, azken tantoa bi paretako batekin irabazita.
Eskuz binaka, berriz, Euskal Selekzioko bi pelotariak ziren hernaniarrak: Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte. Partidu bizia eta ausarta eskaini zuten bi bikoteek, arriskuak sortzen eta gainditzen. Baina kasu honetan ere euskaldunak aurretik izan ziren denbora guztian.