Gabonetako egitarauak beteta jarraitzen du. Gaur bertan, 6 eta 11 urte bitarteko haurrentzako tailerrak izango dira udaletxeko arkupeetan, 16:30etatik 18:30etara. Eta 18:00etan karaoke festa izango da Portu auzoan.
Umeentzako beste hainbat ekitaldi izango dira oraindik. Portu auzoan, bihar, 17:30etan pelikula bat jarriko dute; etzi, 10:30etan Santa Barbara aldera abiatuko dira, mendi buelta ematera; eta urtarrilaren 2an erroskila tailerra eta merendola egingo dira, 16:30etan.
Gibelalde elkarteak ere haurrentzako zine emanaldia antolatu du urtarrilaren 2rako, 18:00etan hasita.
Bertsoak, areto barruan eta kalean
Haurrek bakarrik ez, helduek ere badute zerekin gozatu. Bertsolataren barruan, larunbateko bertso jaialdian lepo bete zen Biteri, puntako 6 bertsolariak entzuteko. Umorerik ez zen falta izan bertsoetan Agin Laburuk jarritako gaiei erantzuteko. Hasi ziren ligoteo kontuekin, eta bukatu zuten familian Gabonak ospatzen.
Horren aurretik, Gabon egunean baserriz baserri errondan ibili ziren bertso eskolako eta Ohitura Zaharrak abesbatzako kideak. Asteazken honetan ere egingo dute beste buelta bat, oraingoan herrian barrena. 17:15etan dira elkartzekoak, udaletxeko arkupeetan.
Bertsolataren barruan emango duten azken emanaldi berezia, berriz, biharkoa izango da, 19:00etan Biterin. Fernando Amezketarra jaio zela 250 urte bete diren honetan, haren bertsoetan oinarritutako emanaldi berezia eskainiko dute Eñaut Agirrek, Imanol Kamiok eta Aitor Atxegak, kantuan, gitarrak eta pianoak lagunduta.
Urteberriko kontzertu berezia
Urte berria ere bertan daukagu, eta ondo hasteko kontzertu berezia prestatu dute urtarrilaren 3rako. Hernaniko Otxoteak, Transilvaniako Virgil eta Julian musikariek eta Goiz Eguzki abesbatzak emango dute, Milagrosan.
Hortik aurrera, errege magoen etorreraren zain gelditzea besterik ez da faltako, Gabonak bukatzeko.