Duela hiru urte eta erdi Zarauzko hondartzan agertutako kaxalotearen hezurdura ikusteko aukera izango da gaur, Biterin, 11:00etatik aurrera. Asmoa da hezurdura Donostiako Aquariumera eramatea, baina muntaketa lanak Biterin egin dituztenez, egun batzuetan bertan ikusgai jartzea erabaki dute.
Olatz Urrutibeaskoa, udaletxeko ingurumen teknikariak Kronikari azaldu dionez, oraingoz, ez dute zehaztu noiz arte izango den ikusgai. Donostiako Aquariumeko 2015eko izarra izango da kaxalotearen hezurdura, baina Vicente Zaragueta zuzendariak erabaki du hernaniarrei primizia ematea, «egun pare batez».
15 metro eta 20 tonelada inguruko balearen hezurrak
Hezurdura lurpetik atera eta Biterira eramatea ez da lan erraza izan, Urrutibeaskoak azaldutakoaren arabera. Izan ere, kaxaloteak 15 metroko luzera zuen, eta 20 tona inguru.
Hala ere, uste baino lehenxeago berreskuratu ahal izan da hezurdura, eta modu egokian lurperatu zutenez, nahiko azkar egin dute muntaketa.
Orain arte diskrezio osoz jokatu dute, baina gaurkoan, hernaniar guztiak gonbidatu dituzte hezurdura ikustera, Donostiara eraman aurretik.