Aurreko larunbatean (abenduak 20), Batzar Orokorra egin zuen Ereñotzuko Auzo Udalak. 40 lagun elkartu ziren. 2014 urteko jardueraren eta diru kontuen laburpena azaldu zuten Auzo Udaleko ordezkariek eta hainbat lan eta proiekturen egoera ere bai. Horien artean: Ereñotzuko 17-21 etxeetako ber-urbanizazioa, trafiko antolaketa eta espaloia jartzea Fagollagan, zebrabide konkordunak jartzea Ereñotzun eta Epelen, eta internet sarea zabaltzea auzoan. 2015eko Auzo Udalerako hauteskundeen inguruan ere aritu ziren. Azalpenen ostean, hainbat eskaera egin zituzten auzotarrek.
Urbanizazioko obrarekin lotuta, etxeetara dijoazen uraren tuberiak herdoilduta daudela ikusita, berriak jartzeko eskaera luzatu zen. Hitz egitekotan gelditu ziren. Ereñotzutik Hernanirako bidean, Eziago parean pasabidea irekitzerik ba ote dagoen ere galdetu zen. Eta Elorrabiko zubi berriaz galdetuta, 2015ean egitekoak direla esan zen. Taberna eta plaza artean zebrabidea jartzea ere aipatu zen. Horrez gain, Ereñotzutik Latxera oinezko bidea ondo etorriko litzatekeela esatean, Pagoagaraino luzatzea ere eskatu zen.
Espaloietan ez aparkatzeko erremedioa
Espaloiaren gainean ohituraz aparkatzen dutenekin zer egin ere izan zen hizketagai. Ekitaldi berezietan, jendeak etxe berrien inguruan, espaloietan eta garaje inguruetan aparkatzeko ohitura hartu duela azaldu zuten eta horren aurrean, erremedioa, Udaltzaingoari abisatu eta futbol zelairantz zuzentzea litzatekeela esan zen. Beste neurri batzuk ere jarri litezkeela aipatu zen: trafiko seinale portatil batzuk, espaloietan piboteak...