Ez ohiko Plenoa izango da asteartean. Hiru gai izango dituzte aztertzeko eta horien artean alokairu soziala bultzatzeko dirulaguntza arautegia bozkatuko dute. Behin behineko onarpena izango litzateke. Gainerako gaiak: Mendiaundi-Anibar eta Bidebitarte eremuei lotuta, Plan Orokorrean egin beharreko aldaketak behin betiko onartzea eta kiroldegiko aldagelak berritzeko proiektua. Arratsaldeko 19:00etan izango da udaletxeko Areto Nagusian.
50.000 euro bideratuko dira
Udalak jakinarazi duenez, alokairu soziala bultzatzeko, dirulaguntza arautegi bat onartu zuen Hirigintza Batzordeak pasa den astean. Udalaren helburua da, Astigarragan gaur egun dauden etxe hutsak babes sozialeko alokairuan jartzea, eta horretarako diru laguntzak bideratuko dira etxe hutsen jabeentzat eta maizterrentzat. Honako azalpenak eman dituzte: «guztira, 50.000 euro bideratuko dira. Batetik, 32.000 euro bideratuko dira bere etxe hutsa alokatu nahi duten jabeentzat. Etxean obra egin behar izanez gero, Udalak obraren aurrekontuaren %35a hartuko luke bere gain, 6.000 euroko mugarekin. Etxeak alokatzeko derrigorrezkoa den efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzea eta errenta ordaintzen ez duten maizterrengatik babesteko aseguruaren kontratazioa ere lagunduko luke Udalak plan honi esker. Dirulaguntza horiek jasotzearen ordainetan jabeek muga bat edukiko dute alokairuaren prezioa ezartzerako orduan. Obra egin behar izan den etxeetako alokairua, gehienez, 6 €/m²-koa izan beharko da eta gehienez, 500 euroko alokairua izango lukete. Obrarik egin beharko ez balitz, alokairuak, gehienez, 6,5 €/m²-koa izan beharko lukete, eta gehienez, 550 eurokoak».
Etxean obra egin behar izanez gero, Udalak obraren %35a hartuko luke bere gain.
Diru laguntzen partidaren beste zatia maizterrentzat izango da. «Honen bidez, astigartarrek ez lukete beren diru sarreren %50a baina gehiago bideratuko etxearen alokairura», nabarmendu dute. Alokairu hauetara sarbidea izateko zenbait baldintza beharko dira, batik bat, ekonomikoak.
Etxebizitzarena, Euskal Herri osoan arazo larria dela dio Udalak eta krisi ekonomikoak areagotu egin duela: «Udalak espero du momentu zailak bizi dituzten astigartarrentzat baliagarri izatea laguntza hauek eta etxebizitza bat alokatzeko aukera ere ez duten herritarrek oinarrizkoa den eskubide hau errazago eskuratu ahal izatea», azaldu du.