25.768.267 euroko aurrekontua onartu du Hernaniko Udalak, 2015 urterako. Aurtengoa baino %2,24 gehiago da hori, 565.576 euro gehiago. Inbertsioak areagotzeko asmoa dauka Gobernu Taldeak, «aprobetxatuz Udalaren zorra inguruko herrietako txikiena dela». Nagusiena, kiroldegiko igerilekua haunditzea izango da.
Abenduaren 18ko Plenoan onartu zituzten aurrekontuak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin, eta EAJ, PSE-EE eta Hamaikabat! alderdien kontrakoekin.
Diru sarrerak, haunditu
2015eko Aurrekontuen haunditzea diru sarreretatik dator: «igoera nabarmena izan da transferentzia arruntetan, Foru Aldundiaren ekarpena haunditu delako», azaldu du Aitor Minerrek, Ogasun zinegotziak. Zerga eta tasetatik lortuko dena, berriz, antzekoa izango da, 2014 urtekoaren aldean.
Hirigintzako sarreretan ere aurreikusi dute gorakada: «Young Play dagoen eremuko negozioak martxan jartzean, diru sarrerak izango ditugu», argitu du Luix Intxauspe alkateak. Gainerakoan, mailegu bat ere jaso du Udalak, 450.000 eurokoa, aurrekontuetako sarreren atalean: «Udalaren egoera ekonomikoa ona da, zorra txikia delako, 1,5 milioi eurokoa, eta aukera geneukan mailegua jasotzeko. Beraz, aprobetxatu dugu».
«Diru sarreretan, igoera nabarmena izan da Foru Aldundiaren ekarpena haunditu delako», azaldu du Aitor Miner Ogasun zinegotziak.
Hornidura gastuak, gutxitu
Mailegu hori, inbertsio gehiago egiteko baliatuko du Udalak: «hori da bide bat, inbertsio gehiago egiteko. Beste bide bat da, sarrera eta gastuen arteko aldea haunditzea, eta hori lortu egin dugu aurten. Horniduretan egin diren lanen ondorioz, gutxiago kontsumitzen du Udalak orain».
Hain justu, 2015eko gastu arruntak, aurten baino ia 260.000 euro gutxiago izango direla aurreikusi du Udalak, aurrekontuetan.
Kiroldegiko igerilekua, inbertsio haundiena
Inbertsioak egiteko, 3.134.460 euroko partida jaso du Udalak aurrekontuetan. Horietatik, zati haundi bat kiroldegiko igerilekuari dagokio, 1.260.000 euro: «goizetik gauera, herritar asko pasatzen dira igerilekutik, astean 3.200 pertsona. Eta bost kalerekin, txiki geratzen da», azaldu zuen Beñat Amenabar kirol zinegotziak. Igerilekua haunditzeko, 600.000 euroko dirulaguntza eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalari.
«Ondo aztertu beharko dugu lanak nola egin, erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena egiteko», azaldu du Intxauspek. Udan egiten saiatuko dira, eta beharbada, fasetan. Proiektuak eskatu dituzte, eta laster hasiko dira zehazten noiz egin, nola, zein aurrekonturekin...
1.260.000 euroko inbertsioa aurreikusi du Gobernu Taldeak, kiroldegiko igerilekua haunditzeko. Aztertuko dute noiz eta nola egin, erabiltzaileei kalte txikiena egiteko.
Elorrabiko zubia, Plaza Berriko lurra, haur parkeak...
Beste hainbat inbertsio ere aurreikusi ditu Udalak, tartean aurrekontu partehartzaileetan zehaztutakoak. Elorrabiko zubia egingo dute 2015ean, eta 298.300 euro gorde dituzte horretarako. Floridako bidegorria ere egingo da (130.000 euro), eta Plaza Berriko lurzorua aldatu (128.000 euro).
Haur parkeetan inbertituko dute beste zati bat (165.000 euro): haur parke bat estaltzeko izango dira 120.000 euro, eta zenbait parketan hobekuntzak egiteko beste 45.000 euro. Komun publikoak egiteko, berriz, 83.000 euro erabiliko ditu Udalak.
Irisgarritasun plana, adinekoei zuzenduta
Mugikortasuna eta ariketa fisikoarekin lotuta ere, izango da beste inbertsiorik: Ttipi-ttapa irisgarritasun plana jarriko dute martxan. Adinekoei zuzenduta dago bereziki, eta ibilbideen mapa bat osatzea izango da helburua.
«Aurrekontuekin, arlo soziala eta tokiko garapena lantzen saiatu gara»
Bi arlo landu nahi izan ditu Gobernu Taldeak, Udal Aurrekontuekin: arlo soziala eta tokiko garapena. Aurrenekoari dagokionez, Ongintzatik bideratzen diren laguntzak igoko direla jakinarazi dute, eta politika sozialean ere inbertitu egingo dute: bi teknikari eta administrari bat ariko dira lanean, jardunaldi osoz. «Horrekin, helburuetako bat da gazte saila osatzea», argitu du Minerrek.
Tokiko garapenean, berriz, aurten martxan jarri dira bi proiektu: KOOPeratzen eta Innoforo. «Biek jarraipena izango dute datorren urtean, eta Gabriel Zelaiako eraikinean gero eta zerbitzu gehiago eskaintzea da asmoa». Garapen Agentziaren sorrera gauzatzeko, 69.000 euro gorde dira.
Zenbait instalazio eta kale konpontzea, aurreikusita
Ezohiko inbertsioez gain, zenbait konponketa beharrezko egitea ere aurreikusten du Udalak: «ez dira beste inbertsioak bezain ikusgarriak, baina instalazioen konponketak ere egin behar dira», azaldu du Aitor Minerrek.
Horrela, ur horniduraren instalazioak konpontzeko, 262.000 euro gorde dira, eta kaleko argi instalazioetarako 70.000 euro. Herriko zenbait kaletan, asfaltatze lanak ere egingo dituzte aurten (45.000 euro).
Oposizioa, kontra
Gobernu Taldearen botoekin onartu ziren aurrekontuak Plenoan, eta kontra azaldu da oposizioa. Horregatik, emendakina aurkeztu dute Hamaikabatek eta EAJk, batetik, eta PSE-EEk, bestetik.
H1! eta EAJ alderdiek salatu dute, «kanpoko aholkularitza zerbitzuekin eta konfiantzazko pertsonekin» lan egiten duela Gobernu Taldeak, herriko gestioa aurrera ateratzeko. Mailegua jasotzen, bestalde, bide erraza hartzea leporatu diote: «bidegabea iruditzen zaigu; aurrezteko esfortzua egin zezakeen gastu orokorretan, konjelazio fiskala konpentsatzeko».
Horri erantzunez, Minerrek adierazi du ez dela zentzuzkoa zergak igotzea: «gastuak jaitsi dira, KPIa mantendu... Ez dauka zentzurik zergak igotzeak».
PSE-EEren ustez, berriz, mailegua eskatzekotan, gizarte zerbitzuetan eta lanpostuen sustapenean gorakada izan beharko litzateke: «bestela, hobe da zorra murriztea».
Gobernu Taldea: «Fundamentatu gabeko emendakinak aurkeztu ditu oposizioak».
EAJ-Hamaikabat: «bidegabea da mailegua eskatzea; gastuak aurrezteko esfortzua egin zezaketen».
PSE-EE: «igerilekuak haunditzeko, beste aukera batzuk aztertu behar dira, hainbeste gastatzea erabaki aurretik».
Atez atekoaren gastuekin, eztabaida
Atez ateko sistemarekin, gehiegi gastatzen dela kexatu dira PSE-EE, EAJ eta Hamaikabat. Sozialistek adierazi dute, Hernanik galdu egin duela: «aurretik, 467.657 euro gastatzen ziren hondakinak jasotzeko. Orain, guztira, 1.832.000 euro». EAJk eta Hamaikabatek, bere aldetik, salatu dute 1,5 milioi ordaintzen zaizkiola Garbitaniari, merkeago egingo duen enpresarik badagoen aztertu gabe.
Zenbait datu oker erabiltzea leporatu die Gobernu Taldeak, oposizioko alderdiei: «fundamentatu gabeko emendakinak aurkeztu dituzte, datu okerrak edo gezurrezkoak dauzkatenak. Gaizki ikusten dituzte zenbait kontu, edo mamuak ikusten dituzte. Aurreko emendakinak kopiatu dituzte, eta gutxi landu».
«Inbertsioak, zalantzan»
PSE-EEk zalantzan jarri du aurreikusitako inbertsioak gauzatuko ote diren: «aurreko urteetan, %50a ere ez da egin». Gainera, igerilekuak haunditzeko, adierazi dute beste alternatiba batzuk ere egon daitezkela, hainbeste gastatu gabe.
Zalantza horien kontra egin zuen Minerrek, Plenoan: «2013an aurreikusitakoaren %87a baimenduta dago, eta %80a exekutatuta. 2014an ere beste horrenbeste izango dela aurreikusten dugu. Martxan daude Karabelgo errotonda, igogailua, Txillida pasealekua... Beraz, gezurra da ez dugula exekutatzen».
«Gezurra da Ongintzarako aportazioa ez dela jaitsi»
EAJk eta Hamaikabatek salatu dute, bestalde, Ongintzarako Udalak egingo duen aportazioa jaitsiko dela, Gobernu Taldeak kontrakoa esan arren: «gezurretan ari dira esaten dutenean ez dela jaitsiko Udalaren aportazioa, eta bai Eusko Jaurlaritzarena. Hain justu, kontrakoa gertatzen da».
Gardentasun falta ere leporatu diote Gobernu Taldeari: «Bilduk berak aurkeztu zien emendakin bat bere aurrekontuei, azalpenik eman gabe. Konturatu dira, egindako aurrekontuak txapuza bat direla, eta ez datozela errealitatearekin bat».
Emendakina aurkeztearen arrazoia azaldu du Minerrek: «Aurrekontuak aurkeztu genituen, epeak errespetatzeko, eta ondoren, emendakina aurkeztu genuen, aurrekontu partehartzaileetako inbertsioak Aurrekontuetan zehazteko. Eta hori aurpegiratu digute. Gardentasun eza salatu dute, beraiek ere parte hartu duten prozesu batekin».
«Ados gaude inbertsio horiekin», adierazi du PSE-EEk; «ez, ordea, igerilekuetan 1.200.000 gastatzearekin, beste aukera batzuk aztertu gabe».
«Emendakinak Ogasuneko komisioan aztertu beharko lirateke»
PSE-EEk, bestalde, kritikatu du emendakinak Ogasuneko komisioan aztertu ez izana: «Bilduk nahiago izan zuen ixilik egon eta bere aldaketak onartu. Guk gobernatuko bagenu, Udal Aurrekontuak komisioan aztertuko lirateke, parte hartze prozesu baten ondoren, herritarrekin eta oposizioarekin elkarlanean».
Garapen Agentziari ere egin diote erreferentzia sozialistek: «Bilduk bere kasa jarraitu nahi izan du aurrera, eta Aurrekontuek bere postura ahalbidetzen dute, bere Agentzia ereduarekin. Eta gu txiringito berri horren kontra gaude», kritikatu dute.
2015eko Udal Aurrekontuak
l Aurrekontu osoa: ..............................................25.768.267
GASTUAK:
l Pertsonala: ....................................................................8.114.337
l Ondasun arruntak eta zerbitzuak: ...............................9.829.715
l Finantza gastuak: ..............................................................16.600
l Transferentzia arruntak: ...............................................4.100.366
l Inbertsio errealak: .........................................................3.134.460
l Kapital transferentziak: ....................................................109.689
l Finantza aktiboak: ..................................................................100
l Finantza pasiboak: ..........................................................463.000
INBERTSIO NAGUSIAK:
-Kiroldegiko igerilekua: 1.260.000 euro
-Elorrabiko Zubia: 298.300 euro
-Instalazioak-Ur hornidura: 262.000 euro
-Haur parkeak (estali eta hobetu): 165.000 euro
-Floridako bidegorria: 130.000 euro
-Plaza Berriko lurzorua: 128.000 euro
-Irisgarritasun plana: 90.000 euro
-Komun publikoak: 83.000 euro