Sei bertsolari haundi elkartuko dira gaur, 19:30etan Biterin, saio eder bat eskaintzeko: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Nerea Elustondo, Arnaitz Lasarte eta Jexux Mari Irazu. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Agin Laburu ariko da.
Helburu garbia izango dute denek: ahalik eta bertsorik ederrenak bota eta publikoa txaloka jartzea. Sarrerak saioaren aurretik jarriko dira salgai, Biteri kultur etxean bertan.
Saio berezia, asteartean
Ekitaldiz betetako Bertsolata antolatu du aurten ere Hernaniko Iraulio Panttalone bertso elkarteak. Gaurko bertso jaialdiaz gain, beste ekitaldi berezi bat ere izango da.
Asteartean, Fernando Amezketarra, 250 urte emanaldi berezia eskainiko dute Eñaut Agirrek, Aitor Atxegak eta Imanol Kamiok. 1764an jaio zen Fernando Amezketarra, eta haren omenezko saioa izango da; haren bertsoak kantatuko dituzte, gitarra eta pianoarekin lagunduta. Biterin izango da, 19:00etan.