Munduko Pelota Txapelketako irabazlea, Mexiko, Hernanin izango da bihar, Euskal Selekzioaren aurka jokatzeko. Pelotari hernaniarrak ere ariko dira jokoan: Paul Ojuel, Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta.
Euskal Pilota Federazioak Hego Euskal Herrian antolatu dituen lau partiduetan aurrenekoa izango da. Bizkaian, Araban eta Nafarroan jokatuko dira jarraian, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Sarrerak doan lortzeko aukera, gaur
Hernaniko Udalak hainbat sarrera eskuratu ditu, bereziki, pelotazale gaztetxoenei oparitzeko. Gaurkoa da sarrera horiek doan lortzeko azken eguna. Kiroldegiko bulegotik pasa behar da, 09:00etatik 13:00etara. Gehienez, 2 emango zaizkio bakoitzari. Bestalde, 10 eurotan erosi daitezke, Txili, Onddi eta Zintzarrin.