Larrialdi guneetan kamarak jartzeko pausoa eman du Udalak, gune horietan hondakinak ez direla modu egokian bereizten azalduz: «Larrialdi guneak martxan jarri zirenetik maiz gertatu da hondakinak gaizki bereizita agertzea, eta horien artean zenbait portaera arduragabe detektatu dira. Aipatutako gaizki bereizitako hondakinetaz gain, denetarik agertu da organikoaren, paper eta kartoien eta ontzi arinen edukiontzietan: obra hondakinak, neumatikoak, tuberiak… Udala saiatu da bestelako neurri zuzentzaileak hartzen, baina orain arte emaitzarik ez dute eman eta horren ondorioz, beste pauso bat eman du Udalak: kamarak jarriko ditu Astigarragako 4 larrialdi guneetan».
Datuak ere eman ditu: «Azken 3 hilabeteetako datuak oso esanguratsuak dira. 85 egunetan egin da bilketa, eta horietatik 34 egunetan, bilketen %40an, larrialdi guneetan hondakinak gaizki bereizteagatik inzidentziaren bat jaso da Udalean. Hiru hilabete hauetan, larrialdi guneetako 50 inzidentzia baino gehiago jaso dira Udalean. Inzidentzia hauetan birziklagarriak diren hondakinak errefusera bideratzen dira, eta ondorioz, tratamendu gastuak haunditu egiten dira zuzenean zabortegira doazelako hondakin hauek».
Bosgarren kontenedorearen eredua
Larrialdi guneetakoa bosgarren kontenedorearen eredua dela gogorarazi du Udalak: «Bilketa ez da indibidualizatua, edukiontzi haundietan egiten da, eta ondorioz, hondakinen bereizketa modu egokian egitea zailagoa da derrigortasuna ezin delako aseguratu. Herritarren borondate ona beharrezkoa da bilketa modu egokian egiteko. Kontenedore haundietan hondakinak ez badira ondo bereizita uzten, normalean hondakin horiek errefusara bota behar izaten dira. Aukera baldin badago, gaizki bereizita dauden hondakinak kendu egiten dira, baina oso zaila da gehienetan hori egitea. Hori horrela, nahikoa da parte hartzaile batek edo pare batek hondakinak gaizki bereiztea, beste guztien lana hondatu edo saboteatzeko».
Udal ordezkariek azpimarratu dute seguru daudela erabiltzaile gehienek erabilera egokia egiten dutela, baina arazo hauekin amaitzeko, irtenbide bakarra dela ondorioztatu dute.