final haundia zen atzokoa ezkurratarren etxean. Osaba-ilobak aurrez aurre izan ziren, Binakako txapelketa nagusian. Esperientzia izan zen garaile atzokoan, eta Koteto Ezkurrak jantzi zuen txapeldunaren ikurra, txapela, Ionekin batera. Binaka, laugarren txapela du Doneztebekoak; eta hirugarrena Ionek. 35-40 irabazi zuten, Ezkurra II eta San Miguelen kontra.
Ezkurra eta Ion ziren finala irabazteko faboritoak, eta zentratuta atera ziren. Berdinduak joan ziren aurreneko tantuak, 3-3. Handik aurrera, aurretik joan ziren Ezkurra eta Ion: 10-13 eta 10-14. Jaun eta jabe izan ziren, 13-28 aurreratzera iritsi ziren. Ezkurra II eta San Miguel partidutik kanpo zeuden, eta Kotetok jarritako erritmora jokatu ziren handik aurrerako tantuak. Azkeneko tantuetan ordea, etorri zen erreakzioa. San Miguelek sakean asmatu zuen, eta pelotakadekin gerturatzea lortu zuten. 23-29tik aurrera, nahiko berdindua joan zen finala.