Izaera solidarioa izango du gaurko Gabon kontzertuak, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Astigarragan, Gabon giroan erabat murgilduko dira gaur. Izan ere, Gabonetako kontzertua eskainiko dute Udalak, Aiztondo abesbatzak, Astigarragako Herri eskolak eta Norberto Almandoz musika eskolak. Bere garaian, Aiztondo abesbatzaren Gabonetako kontzertuaren testigua hartu zuen kontzertu honek eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da Andre Maria elizan.

Sahararen alde, janari bilketa
Izaera solidarioa eman nahi izan diote aurten kontzertuari eta Saharako errefuxiatu kanpamendurako lehengaiak bilduko dituzte bertan. Hori horrela, lehengaiekin "ordaindu" beharko da kontzertuko sarrera. Arroza, pasta, lekaleak, konpresak, atuna eta azukrea dira ekimen solidario honetan bildu behar direnak, besteak beste. Azaldu dutenez, lehengai hauetakoren bat ekarri ezin dezaketen herritarrek ere izango dute sartzeko aukera, eta kontzertuan bertan, produktu horien baliokide diren txartelak izango dituzte salgai Gaztelekuko gazteek.
Horrez gain, Saharatik etorritako herritar batzuek bertako tea eskainiko diete kontzertura hurbiltzen diren herritarrei.

Olentzero, haurren gutunak jasotzera
Asteazkenean, arratsaldeko 17:30etan iritsiko da Olentzero Astigarragara. Santiomenditik jaitsiko da Foru plazara eta han, udaletxeko balkoitik goxo­ki­ak botako ditu. Ondoren, Joseba Barandiaran pla­za­ra joango da haurren gutunak jasotzera. Gutunak bakarrik ez, muxuak ere gustora asko hartuko ditu!

Egitarau berezia, Gaztelekuan
Gabonetan zehar, egitarau berezia antolatu dute Gaztelekuan: abenduak 22, Gabonetako oparia; abenduak 23, eskalada; abenduak 24 eta 25, itxita; abenduak 26, sorpresa; abenduak 27, euskeraren aldeko lasterketa; abenduak 28, Inuxente Eguna (11:00-14:00); abenduak 29, itxita; abenduak 30, urte zahar festa; abenduak 31 eta urtarrilak 1, itxita; urtarrilak 2, zinera; urtarrilak 3, txokolate museora; eta urtarrilak 4, futbito txapelketa.
Umeentzako aisialdia, Gabonetan
Umeentzako hainbat ekintza ere izango dira Egu­berritako oporraldian. Astelehenetik aurrera ha­si­ko dira denak: Joko Aretoa kultur etxean, 9-12 urte­koentzat (11:00-13:00 eta 16:00-18:30); Ludo­te­ka eskolan, 4-12 urtekoentzat (10:00-13:00); eta Jo­las Txiki kiroldegian, 2-5 urtekoentzat (08:30-13:00).

Udal eraikinak, itxita
Gabonak tarteko, Udal eraikinak itxita egongo dira. Udaletxea eta kultur etxea egun hauetan egongo dira itxita: abenduak 24, 25, 26, 31 eta urtarrilak 1, 5 eta 6. Kiroldegia, berriz, abenduaren 24tik urta­rrilaren 1era egongo da itxita eta urtarrilaren 6an ere bai. Epe horretan, Hernaniko kiroldegia erabil­tzeko aukera izango da. Bestalde, aldaketak izango dira paper eta kartoi bilketan, abenduaren 25 eta 26an. Informazio gehiago, asteazkeneko alean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!