PSE-EE alderdia kritiko agertu da Atez Atekoak aurrekontuetan duen partidarekin: «aurten 1.583.000 euroko partida aurreikusi dute. Horri gehitu behar zaio San Markori ordaindu behar zaizkion 249.000 euroak. Guztira, 1.832.000 euro. Hernanik galdu egin du sistema aldaketarekin. Atez atekoa jarri aurretik, hondakinak jasotzeko 467.657 euro behar ziren. Aurten gainera, beste partida bat aurreikusi dute autokonposta egiteko, 30.000 eurokoa».
Aurrekontuek gardentasuna falta dutela ere azaldu du PSE-EE alderdiak prentsa oharrean: «osoko emendakina aurkeztu dugu. Proiektuan esaterako, igerileku irekietarako partida bat aurreikusten da 45.500 eurokoa. Aldaketa bat egin dute, eta orain 22.200 euro izango dira igerileku irekietarako, 22.000 euro atletismo pistarako eta 1.300 bizikleta berri bat erosteko».
‘Beste inbertsioak. Herriko kaleak’ partidarako 170.000 euro aurreikusita zeudela azaldu dute, eta hor ere aldaketak egin direla: «233.000 euro irisgarritasunerako izango dira; umeentzako parke bat estaliko da, eta komun publiko bat jarriko da. ‘Infraestrukturak eta urbanizazioak. Herriko kaleak’ ataleko aurrekontua ere, 45.000 eurotik 128.000 eurora pasa da. Orain enteratu gara, Plaza Berri berrubanizatzeko dela. Eta bere kausarako dirulaguntza zuzenak ere aurreikusten dira aurten: 15.000 euro Udalbiltzarako, 3.000 euro Harrera elkarterako, 9.500 euro Gure Esku Dagorako...».
«Inbertsioak, zalantzan»
Azaldu dute, inbertsioen partida haunditu egin dela, 3.000.000 euroak gaindituaz: «azken bi urteetan ordea, ez da aurreikusitakoaren %50a ere egin. Zalantza dugu oraingo honetan egingo ote diren edo ez. Inbertsioetan, 1.200.000 euro daude kiroldegiko igerilekurako. Badakigu txiki geratu dela, baina beste alternatiba batzuk egon daitezkeela uste dugu».
«Garapen agentzia, arrazoi bat»
Garapen Agentziarekin duten kezka ere, osoko emendakinaren arrazoietako bat dela dio PSE-EEk: «hasieratik esan diogu Bilduri izaera publikoa beharko lukeela, gardentasuna eta funtzionamendua ziurtatzeko. Bilduk ezetz erabaki du, beste alderdiekin adostu gabe».
Zorra kitatu beharrean, amortizatutako kantitatea kredituan eskatu duela ere azaldu dute: «zorra gutxitzeko aukera ederra zen, kreditua eskatu beharrean».