«Torturapean egindako deklarazioak besterik ez dauzkate»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Hiru hilabeteren ostean, atzo bukatu zen 28 gazteren aurkako epaiketa, Espainiako Auzi­tegi Nazionalean. Segiko kide izatea leporatuta epaitu dituzte; tartean, Julen Zuaznabar astigartarra. Defentsako abokatuek absoluzioa eskatu zuten auzipetu guztientzat eta buka­tzeko, auzipetuek hitza hartzeko aukera izan zuten; tentsio momentuak izan zirela azaldu dio Kronikari Zuazna­barrek. Torturak eta epaiketaren izaera politikoa salatu zituzten eta Murillo epaileak hitza ukatu zien azkenean. Epaiketa bukatuta, momentuz, pakea izango dela azaldu du astigartarrak eta pozik ere azaldu da 12 gazteri akusazioa erretiratu dielako fiskaltzak.

«Zirko bat izan da»
Epaiketaren balorazioa ere egin du: «Torturapean lortutako deklarazioak besterik ez dauzkate eta oso ebidenteak ziren kasuetan, fiskaltzak erretiratu egin behar izan ditu akusazioak. Bestalde, Estan­bule­ko protokoloa deslegitimizatzen saiatu dira. Gure militantzia politikoagatik epaitu gaituzte, torturapean ateratako deklarazioak dira eta ez daukate zilegitasunik gu epaitzeko. Epaiketa osoan mareatu egin gaituzte, gainera. Gurekin jolastu dute. Ba­lorazioa, zirko bat izan dela».

«Loteria da»
12ri karguak erretiratu dizkiete eta gainerako 16ak epaiaren zain geratu dira. Seina urteko espetxe zigorra eskatzen diete. Loteria bat dela azaldu du Zuaznabarrek: «Ezin da jakin zer gertatu daitekeen. Zer gertatu beharko lukeen? Hori bai, argi dugu, absoluzioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!