Datorren urtera arte eskola agurtu zuten atzo ikasle eta irakasleek eta hasi dira dagoeneko Gabonak. Santo Tomas Eguna izango da bihar eta aurrea hartuta, gaur antolatu du festa San Joan konpartsak. Nahi adina txistorra jateko aukera izango da Plaza Berrin, 11:00etatik 14:30etara. Pintxo, talo eta bokadiloak egingo dituzte eta txistorraz gain, gazta, hirugiharra eta txokolatea ere izango da aukeran. Eta ondoren, 18:30etan, erromeria antolatu dute Patxi eta konpania taldearekin.
San Joan Konpartsak bihar ere postua jarriko du Donostian. Gipuzkoa plazan ariko dira taloak saltzen. Eta Donostiako Santo Tomas ferian, baita ere, Zaporeak proiektuak presentzia izango du. Gipuzkoa plazan egongo dira. Bertan biltzen den dirua, Angel Olaran misiolari hernaniarrak Wukron zuzentzen duen Saint Mary eskolara bideratuko da.
Gabonetako kontzertua gaur, Agustinetan
Eguerdi partean, Ttarla dantza taldea kalejiran aterako da Plazatik. Kaleak girotuko dituzte eta iluntzeko 20:00etan, Ozenki abesbatzaren eta Musika Bandaren txanda izango da. Gabonetako kontzertua emango dute Agustinetan. Imanol Kamio eta Roberto Pacheco izango dira zuzendariak. Koroa bakarrik, banda bakarrik edota biak batera entzuteko aukera egongo da. 11 abesti eskainiko dituzte.
Txistorradak auzoetan, bihar ere
Hainbat auzo eta elkartek txistorradak antolatuko dituzte bihar. Lizeagan 12:00etatik 14:00etara izango da eta horrez gain, saskiaren zozketa eta Olentzero panpinaren lehiaketa egingo dute. Etxeberri auzoan, berriz, 11:30etatik aurrera egingo dute, auzoko hirugarren blokean. Portu auzoan ere ez da txistorrik faltako. 12:00etan jarri dute hitzordua Ibarrolaburu plazan. Gabonetako saskia ere zozketatuko dute. Eta Goiz Eguzkin, txistorra jateaz gain, udazkeneko karta eta herri jolas txapelketetako sariak banatuko dituzte eta 3 saski zozketatuko dituzte.
Kontzertu gehiago, bihar eta etzi
Eguberritako kontzertua eskainiko dute bihar Txistulari Bandak eta biolinjole bikoteak. Patxi Apezetxeak zuzenduta, 8 abesti joko dituzte 13:00etatik aurrera, Milagrosan.
Eta astelehenean, musika eskolako txistularien, Hernasax taldearen eta Dakapo abesbatzaren emanaldia izango da. 19:00etan izango da Milagrosan eta urte garaiko doinuz osatu dute egitaraua: euskal bilantziko eta eguberri giroko doinuak. Tartean, beste herrialdeetakoak ere izango dira.
Errondak, Olentzero, Erregeak...
Asteazkenean iritsiko da Olentzero opari, goxoki eta muxuak banatzera eta egun osoan Gabon kantuekin kaleak girotzen ibiliko dira haur, gazte eta helduak. Hainbat erronda izango dira. Urte Zaharreko erronda ere ez da faltako urtea agurtzeko. Eta urte berriarekin batera, Errege Magoak iritsiko dira. Beste hainbat ekintza eta emanaldi ere izango dira Gabonetan; beraz, aspertzeko tarterik ez da izango.