«Konpota ez da sekula falta, gurean»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Gabonetan jan-edanik ez da falta izaten. Ederki daki hori Maria Jesus Iturbidek. «Urtero pentsatzen dut: aurten ez dut ezer berezirik egingo! Baina azkenean, beti egiten dut zerbait! Eta beti, jango duguna baino gehiago!»
Etxean eta Rioja tabernan aritzen da sukaldean lanean, denetatik prestatzen.

Fritoak eta konpota, ezin falta
Gabonetan falta ezin diren jakiak izaten dira Maria Jesus Iturbideren etxean. «Ez dut beti errepikatzen, baina normalean beti izaten da urdaiazpiko pixka bat edo nik egindako fritoak. Asko gustatzen zaizkit, eta nik egiten ditu­danez... Txipiroiak tintan ere askotan izaten di­tugu, eta haragi pixka bat; txuleta edo solo­milloa. Eta postrean, betiko konpota! Konpota ez da sekula falta gurean! Amak egiten zuen, eta amonak ere bai. Bestalde, turroiak ere beti izaten dira. Gozozalea naiz, eta gozoa izaten dugu, lehertu arte!».
Erosketa dezente egin behar izaten ditu, 16-17 kide inguru biltzen baitira, adibidez, Egube­rri­ta­ko bazkaritarako. «Urte guztian egiten ditut nik erosketak Hernaniko dendetan; bai etxerako eta baita tabernarako ere. Gabonetan ere bai, noski, eta mugimendu haundiagoa nabaritzen da!».

Ezinbesteko osagaia: familia
Gabonetan falta ezin den beste osagaia familia bera izaten da, eta ez tripa betetzeko orduan bakarrik. «Sukaldean ni aritzen naiz, baina beti laguntzarekin: ahizpak, errainak eta koinatak asko laguntzen didate, eta tabernan semeek eta bilobek ere bai. Konpleto!».
Gabonak familia giroan ospatzea garran­tzitsua da Maria Jesus Iturbiderentzat, eta emozionatu egiten da falta direnak gogoratzean. «ahizpa, semeak, koinatak, bilobak... elkartzen gara. Baina asko gogoratzen naiz hemen ez daudenekin: senarra, ama... Kasu batzu­etan ez dago erremediorik, baina ea iloba, Gorka Loran, azkar etortzen den etxera. Hark beti esaten digu guk ondo pasatzeko, gozatzeko elkarrekin, eta saiatzen gara. Disfrutatzeko dira egun hauek, baina baita urte osoa ere».

«Garai batean Gabonetan puruak ematen genizkien gizonei; orain luntxa jartzen dugu mundu guztiarentzako».

 

Etxean eta tabernan, familia giroan
Rioja tabernan ere lanean aritzen da Maria Jesus Iturbide, eta Gabonetan, modu berezian.
«Nik beti esan dut tabernari pribilegiatua izan naizela. Beti dago jendea, beti dauzkagu bezeroak, eta eskertzekoa da. Gainera, gauza on asko eman dizkit. Ez dut uste ezer egin dudanik merezi izateko, baina Kaxkoko alkate izendatu ninduten, txotx irekieran izan naiz, Korrikako testigua eraman nuen...». Hori guztia eskertzeko luntxa ematen dute Rioja tabernan, Gabon gauean eta Urte Zahar egunean.
«Garai batean gizonak izaten ziren gehienbat tabernetan. Orduan, Gabonetan puruak opa­ritzen hasi ginen. Baina pixkanaka emakumeak ere etortzen hasi ziren, eta esaten zuten: eta gu zer? Senarra galletak jartzen hasi zen orduan. Baina pixkanaka gehiagora joan zen, eta gaur egun denetik jartzen dugu, 24an eta 31n, 18:30etatik aurrera; hasi langos­ti­noetatik eta pikuetaraino. Horrelakoetan mundu guztia etortzen da, eta lan asko egiten dut. Baina merezi du, eta gustora egiten dut, pozik. 31n laxo gorri bat ere oparitzen dugu, denak zoriontsu izan daitezen!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!