Milioitik gora euro loteria, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Zorte kontua izaten dela, baina zortea izateko, jokatu egin behar. Hernanin, dudarik ez da, jokatu egiten da. Bai, behinik behin, Gabonetako loterian. Aurreko urtean 1.170.440 euro arteko loteria saldu zen herrian; hau da, 58.522 dezimo saldu ziren.

Pertsonako 4 dezimo
Iazko datuak kontuan hartuta, Hernaniko admi­nis­trazioetan 1.170.440 euro arteko Gabonetako loteria saldu zen. Horrek esan nahi du (18 urtetik gorako biztanle kopurua kontuan hartuta), pertsona bakoitzak 77 euro eta erdiko gastua egin zuela; ia 4 dezimo erosi zituen bakoitzak.
Aurten, dezimo gehiago eskatu dituzte herriko administrazioek. SELAEk emandako datuen arabera, 1.356.020 euro artekoak, hain zuzen ere; 67.801 dezimo, beraz. Oraindik ezin jakin zenbat saldu den, baina guztia salduz gero, pertsona bakoitzak ia 90 euroko gastua egingo du; 4 dezimo eta erdi erosiko ditu bakoitzak.


Lehengo urtean 58.522 dezimo saldu ziren Hernanin; aurten, herriko administrazioek eskatutako guztia salduz gero, 67.801 dezimo salduko dira.

Jokatu eta saria jaso
Saria jasotzeko esperantzarekin joka­tzen da normalean, eta Hernanin izan da saririk, orain arte. Nahiz eta Gabonetako loteria administrazioen bidez eskuratu, asko herriko talde, komertzio eta elkarteek saltzen dute, bai dezimoka eta baita partizipazioka ere. Eta elkarte horietako askok banatu izan dute diru pixka bat erosleen artean.
2013an Xalaparta eta Kaleratzeak Stop elkarteetako loteria erosi zutenek jaso zuten saritxoa, eta Pausoka elkartearen loteria erosi zutenek, berriz, sari potoloagoa; dezimoko, 200 euro.
Orain bi urte, berriz, Ozenki abesbatzak, Errugbi elkarteak, CD Hernani klubak eta Dobera Euskara Elkarteak banatu zuten dirua. Eta 2011n, Ozenki abesbatzak eta Atletismo elkarteak.
Aurten ere, jokatutakotik zer edo zer herrian geldituko delakoan, zorte on!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!