Negua eta hotza iristearekin batera, puntua edo gantxilloa egiteari ekiten diote askok. Eta azken urteetan, gazteak ere gero eta gehiago dira animatu direnak. Modan dagoela esan liteke. «Orain, adin desberdinetako jende gehiago ibiltzen da. Lehen, adineko jendea izaten zen batez ere, eta orain gazteak eta jubilatu berriak ere asko dira», dio Maria Angeles Marzal Ukerdi mertzeriako nagusiak.
Eta Gabonei begira, ideia polita izan liteke norberak egindako zerbait oparitzea, ezta? Halaxe azaldu du Marzalek: «Norberak bere eskuekin egindako zerbait oparitzeak beste balio bat du, beste esanahi bat. Noreberarentzako ere oso positiboa da, horrelako zerbait egiteko gai dela ikustea. Eta gero eta gehiago dira horrelako opariak bultzatzen dituztenak. Adibidez, lagun ezkutua egiterakoan eta zenbait lagun taldetan ere bai».
Adinaren arabera, lan desberdinak
Ukerdi mertzerian artile aukera zabala dute eta beraien bezeroek denetarik egiten dutela azaldu du Marzalek: «Hasi berriek, adibidez, gauza errazak egiten dituzte: bufanda edo lepokoak, txapelak, poltsak... Eta gero, bizi guztia josten daramakitenek denetarik egiten dute: umeentzako arropa, helduentzako jertseak, pontxoak, mantak... Eta orain, Santo Tomas datorrela eta, tokillak egiten ari dira asko».
Adin bakoitzak helburu desberdina duela nabarmendu du Marzalek eta egiten dituzten lanak ere horren araberakoak izaten omen dira: «Adinekoek denbora pasa moduan egiten dute, entretenimendurako. Gazte eta jubilatu berriak, berriz, gauza berri bat ikasteko gogoz hasten dira. Eta gazteek artile potolo xamarra nahi izaten dute, 7-12 orratzekoak, ahal den azkarren bukatzeko eta segituan janzteko. Adinekoek, berriz, hari fina nahi izaten dute. Bataz beste, 3-4 tamainako artileak eskatzen dituzte».
Artile koloreari dagokionean ere, fantasiakoak eta lisoak dituzte Ukerdin. Fantasiakoak garestixeagoak dira, baina gazteei gehien gustatzen zaizkienak. Lisoak, berriz, adinekoentzat izaten dira, eta umeen arropak egiteko, batez ere.
«Aholkuak ematen dizkiet»
Hainbat mertzeria eta artile denda puntua eta gantxilloa egiteko ikastaroak eskaintzen hasi dira. Ukerdin ez dutela ikastarorik eskaintzen azaldu du Marzalek, baina aholkuak emateko eta laguntzeko prest izaten da beti. Eta aholku bidetik jarraituz, hasi berri bati zer gomendatuko liokeen galdetuta, halaxe erantzun du: «Lepoko itxi bat egiteko esango nioke. Buelta batekoa, edo doblea, artile potolo xamar batekin. Ekonomikoa da, artile batekin buelta bateko lepoko bat egin baitaiteke, eta birekin, doblea. Xamurra da eta oso azkar egin daiteke».
Bost puntu mota
-
Bobo: Punturik errazena. Buelta guztietako puntu guztiak puntu zuzena erabilita lortzen da.
-
Jertsea: Buelta bat puntu zuzenarekin egin eta hurrengo buelta alderantzizko puntua erabilita. Horrela txandakatu lan osoan. Alderantziz ere hasi liteke.
-
Canale edo elastikoa: Puntu zuzena eta alderantzizkoa txandaka buelta berdinean (1x1, 2x2, 3x3...). Eta hurrengo buelta guztietan, puntua datorren bezala landu: zuzenak zuzen, eta alderantzizkoak alderantziz. Elastikoa egiteko, errazena, puntu bikoitiekin lan egitea da, buelta bakoitza berdin hasi beharko baita.
-
Arroza: Puntu zuzena eta alderantzizkoa txandaka, buelta berdinean eta lan osoan. Hurrengo buelta guztietan, puntua datorren kontrara landu behar da. Puntu bakoitiekin eginez gero, beti puntu zuzenarekin hasi behar da buelta.
-
Garia: Lehenengo bueltan, puntu zuzena eta alderantzizkoa txandaka. Bigarren bueltan, berdin, hau da, puntuak datozen bezala landu. Hirugarren bueltan, berriz, kontrara: alderantzizkoa eta zuzena txandaka. Eta laugarren bueltan, berdin, puntuak datozen bezala landu. Lau ilara horiek errepikatu behar dira lan osoan.