«Gomendio pertsonalagoak egiten ditugu denda txikiek»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Hernaniarren erosketa ohiturez hitz egin digute Berriak, Hernaniko Merkatari eta Ostalarien elkarteko hainbat komertziok.
Plazan dagoen Marna dendako Josune Errazkinek dio gehienek azken momentura arte itxoiten dutela, Gabonetako erosketak egiteko: «Erregeetarako ere asko mugitzen da jendea». Andre Kaleko Ilargi dendan ere, hala dio Marijo Sainzek: «azken momentura arte mugimendu gutxi izaten da». Antziolako Arrosak estetika zentroan, horixe bera nabari du Rosa Bola­ñosek: «jendeak azken momentuan egiten ditu erosketak, Erregeetarako gehiago, baina baita Gabon gauean bertan ere».

Konfiantza eta gertutasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Dendarteanek dendari txikien aldeko kanpaina jarri dute martxan: Ez zaitez laranja erdiarekin konformatu. Azaldu dute saltoki batzuetan arrazoi ekono­mi­koekin tentatzen dituztela erosleak, baina sal­toki txikietan, bihotza ere jartzen dutela.
Hernanin ere halaxe da. «Denda txikietan gomendio pertsonalagoak egiteko aukera dau­ka­gu; askotan, eroslea eta oparia jasoko ditu­e­na ezagutzen ditugu», dio Errazkinek. «Esklu­siboa» dena ere eskaintzen dutela dio Sainzek, eta, gainera, «prezio oso onak dauzkagu». Bolañosek «konfiantza» gehitu du: «eroslea eta oparia jasoko dituena gustura geratzea nahi izaten dugu. Konfiantza daukagu eta edozer aldatzeko aukera ematen dugu; herrian bertan erosita, aukera haundiagoa da».

Edonoren poltsiko eta gustuetara egokituta
Dendari txikien ustez, azken bi urteak gogorrak izan dira, baina badirudi hobetzera egiten hasi dela egoera, «lagun ezkutuaren formularekin opa­ri gutxiago egiten badira ere». Gustuak eta aurrekontua edozein izanda ere, Hernaniko dendetan bada zer aukeratu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!