«Buñueloak eta natillak egiten ditugu, baina gaziak!»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 20a

Kolonbiatik etorri ziren, orain 7 urte inguru, Orobio-Coloniatarrak. Yamileth etorri zen au­rre­na, eta Gorka, semea, berehala, 7 urte zi­tuela (13 ditu orain). Segidan etorri zen Andres Felipe Orobio, Yamilethen senarra. Santi Orobio, berriz, Her­nanin jaio zen, duela 6 urte.
Urte batzuk badaramazkite Hernanin, eta bertako ohitura batzuk hartu dituztela onartzen dute. Hala ere, sustraiak ez dituzte ahazten. Gabonetako menuan ere nabari da hori!  

Buñuelo, natilla eta brevak, Gabonetako izarrak
Kolonbian, hemen bezalaxe, jan-edana soberan izaten da egun hauetan. Baina jaki horiek desberdinak izaten dira.
«Buñueloak eta natillak egiten ditugu. Plater tipikoak dira. Baita brevak ere, mahaspasen estilokoak. Gabonetan ohitura dago. Baina buñu­elo eta natillak ez dira hemengoak bezalakoak, gaziak dira!».
Osagaietan dago sekretua. «Arto-irina, Ko­lon­biako kostako gazta eta esnearekin egiten ditugu buñueloak. Natillak, berriz, Kolonbiako irin berezi batekin, panelarekin (azukrearen an­tzekoa) eta azukre-esnearekin. Ez dira liki­do­ak izaten; gelatina moduan gelditzen dira. Ez gara oso postre zaleak. Kolonbian pikatzeko jartzen ditugu jaki horiek, beste askorekin batean. Baina, egia esan, hemen postretarako plater moduan jartzen hasi gara!».
«Bertako estiloa pegatu zaigu, pixka bat»
Hain zuzen, ohitura batzuk aldatzen hasiak direla onartzen dute. Kolonbian Eguberri Eguna, Urte Zahar gaua eta Errege Eguna ospatzen dituzte, familia eta lagunekin bazkari eta afaritarako bilduta. Hemen ere, gauza bera egi­ten dute, batzuetan etxekoek bakarrik, eta besteetan Kolonbiako eta Peruko lagun batzuekin bilduta. Baina menua osatzean, aldaketa txiki batzuk egiten dituzte.

 «Bertako estiloa pegatu zaigu pixka bat.
Horregatik, hasieran pikatzeko jakiak jartzen ditugu orain: urdaiaz­pikoa, patea... Baina, gero, normalean, haragi-pastela egiten dugu, labean, arroz pixka batekin lagunduta, Kolonbian bezala. Peruko lagunekin gaudenean, berriz, bertako jakiren bat jartzen saiatzen gara. Marisko zalea­goak dira han».

 

«Kolonbiako fruten falta sumatzen dugu: mangoa, arbolako tomatea, guanabana, curuba, luloa...»



«Giroa osoa desberdina da»
Osagaiak bilatzeko ez dute arazorik izaten. Gaur egun, ia edozein denda eta supermerkatutan aurkitzen dituzte Kolonbiako produktuak. Baina familia osoak sumatzen du gauza baten falta; aho batez diote: «Kolonbiako frutak, zukue­tarako! Hemen ez daude horrelakoak: mangoa, arbolako tomatea, guanabana, curuba, luloa...».
Familia da faltan sumatzen dena, baita ere. «Aurreneko urteak gogorragoak izaten dira. Gero, ohitu egiten zara». Baina aurten oso pozik daude, amona, Fabiola Jurado etorri baitzaie, Andres Felipe Orobioren ama. Gauzak horrela, giroa goxatzea besterik ez dute falta. «Hango giroa desberdina da, bizilagunekin gehiago konpartitzen da, hemen baino».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!