«San Silbestrean oso giro berezia eta polita sortu zen iaz, ilusio haundikoa»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 18a

Urtezahar egunez, abenduak 31n, korrikalariz beteko da Hernani. Wukroren aldeko San Silbestre lasterketa anto­latu dute, bigarrenez. Angel Olara­nen iritziz, jendea kon­tzien­tziatzea lortzen du las­ter­ketak, «eta hori laguntza haundia da». Izen ematea zabalik dago, 6 euroan: www.kirolprobak.com, Ibai Mendi eta Pelotadenda. Egunean bertan, 10 euro.

San Silbestrea antolatu zenuten iaz, aurrenekoz. Nolako esperientzia izan zen?
Ni ez nintzen egon, Wukron nengoelako, baina transmititu zidatena izan zen ilusio haun­dia. Antolatzaileak oso pozik geratu ziren. Laster­ke­taren inguruan oso giro berezia eta polita sortu zen, Wukroren egoeraren kontzien­tzia oina­rri zuena. Eta parte hartzea ere haundia izan zen, 450 ko­rri­ka­lari Wukrori lagun­tzeko festan.

Eta nola laguntzen dio lasterketak Wukrori?
Kontzientziazioa da punturik garrantzitsuena. Hori lagun­tza haundia da. Hernanin, herritar gehienek daukate Wukroren berri, ezagutzen dute bertako egoera, gutxi asko. 5.000 kilometro daude Hernani eta Wukroren artean, eta ematen du ondoko auzoa dela; oso ger­tuko sentitzen da. Lasterke­tarekin, Wukro herri­tarren agendan jartzen dugu berriro, nolabait esateko. Eta gabo­ne­tan gaudela, behar­ba­da lagun­tzera animatuko dira. Wukro Hernanira ekartzen dugu, eta Hernanitik laguntza erama­ten dugu Wukrora.

«Lasterketarekin, Wukro herritarren agendan jartzen dugu berriro. Eta gabonetan gaudela, laguntzera animatuko dira agian»

Zergatik lasterketa bat?
Askotan, irudimen kontua izaten da. Izan zitekeen futbol partidu bat, antzerki saio bat, kontzertu bat… Baina harrera ona daukaten ekintzak dira lasterketak, oso giro atsegi­nean eta gertukoan ospatzen direnak. Beste zenbait laster­keta ere egiten dira, helburu solidarioengatik.

San Silbestreak hiru helburu ditu: aurrenekoa, Wukroren errealitatea ezagutaraztea. Zein da bere errealitatea?
Behar ekonomiko haundia dago Wukron, eta lasterketak ekarpen bat egiten dio behar horretan. Elikaduran segur­ta­sunik ez dago, haurrek ez daukate ziurtatuta jatekoa izango dutela. Eta horrek, garapen mentalean ere era­gina dauka. Osasun­gintzan ere, arazo bat dago. Den dena or­daindu behar du pazienteak: bendak, gasak, eskularruak...; hezkuntzan, berriz, oso ondo irakasten den arren, altzari gehiago behar dira, desertu antzean baitaude eskolak...
Bigarren helburua da Wukron oinarrizko kirola sendotzea.
Haurrei kirola praktikatzeko aukera eman nahi diegu. Helburua ez da kirolari profe­sionalak edukitzea, nahiz eta maila haundikoak ere atera­tzen ari diren. Gure nahia da, hau­rrek kirola praktikatzea, giza baloreak barneratzeko modu gisa, bide batez.

Eta hirugarrena, gabonetan festa egun polit bat pasatzea. Nola ospatzen dituzte gabonak Wukron?
Gabonek indar haundia dau­ka­te, baina ez dute he­men­go­ekin antzik. Oso festa goxoak di­ra. Dantza egiten dugu, kantatu, jan eta edan… Ez daukate he­mengoen kutsu kontsumista.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!