Hernaniarren arteko harremana sustatu nahi du Gure Esku Dagok, eta asmo horrekin, Ametsen kriseilua ekimena sortu du. Nahia da, herritarren artean kriseiluak oparitzea, desioak eta ametsak eskatzea, eta abenduaren 31n, guztiak elkartu, eta botatzea.
«Oparitu zurea»
Kriseiluak salgai jarri dituzte Andrekale 41 zenbakian duten lokalean. Hernaniarren ametsen fabrika izena jarri diote, eta bertan eskuratu ahal izango dira ametsen kriseiluak, 2 euroren truke.
Helburua da, kriseilua erosten duenak ingurukoekin partekatzea: «Oparitu zurea, zure lagun, guraso, biloba, aiton-amon, seme-alabei... duzun ametsa edo nahia bertan idatzi behar duzu».
«Helburua da, zuk erosten duzun kriseilua oparitzea: lagunei, gurasoei, aiton-amenei...»
Urteko azken egunean, zita
Azken helburua da, kriseilu guztiak elkarrekin botatzea. Parte hartu duten guztiak abenduaren 31n elkartuko dira, Zinkoenean. 18:30etan jarri dute zita, eta bertatik botako dituzte guztiak. Lema bat ere badute, ahal diren guztiak lortzeko: Anima zaitezte, 1.000 baietz!
Bestalde, gogoratu dute kriseilu guztiak direla suaren aurkakoak eta biodegradagarriak.