Aurreikusita ere, mingarria

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 15a

Ez zen partidu egokiena atzokoa, Hernani burua altxatzen hasteko. Jokoa hobetzen ari zirenean, kolpea jaso zuten aurreko astean, Bartzelonan. Eta Kataluniatik mugitu gabe, beste kolpe bat jaso zuten atzo, Baldiri Aleun. Santboi­a­naren kontra galdu zuen Hernanik, 50-10. Aurreikusi zitekeen, liderraren zelaian galtzea; baina, espero izanda ere, mingarria izan zen.

38 puntu, zati bakarrean
Bost puntuak nahi zituen Santboianak, eta ez zuen errukirik izan. Bata bestearen atzetik pilatu zituen entseguak, eta transformazioetan ia ez zuen hutsik egin Apikotoa tongarrak. Horrela, atsedenaldira iristerako, 38-0 zegoen markagailua.
Garaipena eta bonusa, biak zeuzkan Santboianak, baina berdin jarraitu zuen atsedenetik bueltan, 45-0ekoa jartzeko.

Bata bestearen atzetik lortu zituen entseguak Santboianak, eta atsedenaldian, 38-0 zegoen markagailua.

Bi entsegu, bukaeran
Ezer positiborik lortu bazuen Hernanik, bukaera aldera egindako bi entseguak izan ziren: Eneko Noriegak 62an, eta Aritz Otaegik 68an. Satboianako zaleek ere txalotu zituzten, hirukoloreei animoak emateko.
Beste entsegu batekin itxi zuen Santboianak (50-10), hirukoloreek azkar ahaztu beharko duten partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!