«Saharako errealitatea erakusten dute koadroek; nire beharra da, Sahararen enbaxadore izatea»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 15a

Saharako kulturaren zati bat dago ikusgai Biterin, osti­ra­lera bitarte. Pintura era­kus­keta jarri du Abdi Ami Omar margolari sahararrak: «nire herriaren errealitatean daude oinarrituta, eta dramatismoa eta alaitasuna elkartzen saia­tu naiz». Saharan jaio eta Kuban ikasia, mundu osoan zehar ibili da: «todoterreno bat naiz», dio berak.

Nola deskribatuko zenuke erakusketa?
Aukera bat da hernaniarrei erakusteko eta beraiekin kon­partitzeko Saharako kultu­raren zati bat. Saiatu naiz bilatzen aspektu ezberdinak erakusteko modua: tradizioak, ohiturak, Saharako erreali­ta­tea... Eta oreka bilatu dut: dramatikoa da gaia, baina toke alai batekin landu ditut, kolore alaiekin margotuta, hain justu.

Sahara Hernanira ekarri nahi izan duzu, beraz.
Bai, Saharako ekosisteman daude kokatuta, eta hango errealitatean oinarrituta. Hori izan da gaia, egin ditudan erakusketa guztietan. Nire beharra da Saharako herria­ren enbaxadore izatea.

Nolako koadroak dira?
Ia denak oleoarekin egin­da daude, eta estilo errea­lista eta superrealistakoak dira. Hori bilatzen du nire erakuske­te­tara datorren jendeak.

Nondik datorkizu pinturarako ohitura?
Ez dakit, txikitatik daukat gaitasun hori, eta baita zaletasuna ere. Eskolan, irakaslea azalpenak ematen ari zenean, nik marrazten eta margotzen ematen nuen denbora gehiena.

Mundu osoan zehar egin dituzu erakusketak.
Toki askotan egon naiz, bai. Kuban 18 bat urte eman nituen, eta erakusketa asko egin, Saharako ospakizunak irudikatuz, ezagutzera ema­te­ko. Argelen egin nuen beste bat, Saharako enbaxadaren kultur etxean. Eta Australiako Syd­ney eta Melbourne hiri­e­tan ere egon dira nire koadro­en erakusketak. Koadroen eskaerak, berriz, beste toki askotatik jaso ditut: Suitzara, Erresuma Batura, Estatu Batuetara... bidali ditut nire lanak. Irlandako eta Suda­frikako kanpo ministroek ere badauzkate nire koadroak.

Denbora asko daramakizu jaioterritik kanpo.
Ia bizitza guztia eman dut kanpoan, todoterreno bat naiz. Beste herrialde batera noanean, bertan egon banitz bezala da. Baina horrek auke­ra eman dit, toki guztietako jendearekin harremanak egiteko.

Noiztik zaude Hernanin?
Hamaika hilabete dira etorri nintzela, urtebete laster. Oso gustora nago hemen. Euskal jendea eta instituzioak oso solidarioak dira Saharako herriarekin, eta asko esker­tzen dugu laguntza. Bi herriek, gainera, asko daukagu komu­nean: bi Estaturen artean gaude banatuta. Txori baten bi hego bezala gara, Euskal Herria eta Sahara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!