Egunari aurrea hartuta, Santo Tomas feria antolatu du gaur Astigarragako Herri Eskolak. Goizeko 10:30etatik 14:00etara izango da Foru plazan. Xaguxar, AEK, Astigar eta Udalaren laguntzarekin egingo da feria.
Jakiak, eskulanak, Korrikako materiala...
Hainbat postu jarriko dituzte eta bertan, ikasleek egindako gozoak, bertako laborarien produktuak eta nazioarteko postreen dastaketa izango dira aukeran.
Erakusketak ere jarriko dituzte, hainbat gairen inguruan: txorimaloak, abereak, tresna zaharrak, aintzinako argazkiak, eskulanak, baserritar jantzien erakusketa eta nola jantzi erakusteko txokoa... Horrez gain, aurpegia margotzeko gune bat jarriko dute eta Korrikako materiala ere salgai egongo da.
Eskolaren sorrerako ekitaldia eta zozketa
11:30etan, haurren kantu jaialdia izango da eta Astigarragako Herri Eskolaren sorrera ospatzeko ekitaldia ere egingo da.
Feria, 14:00etan itxiko da eta zozketa egingo da bukatzeko. Euskal arrazako txerrikiz osatutako bi otar zozketatuko dira. Txartelak herriko tabernetan daude salgai.