«Txapelketako partidarik onena jokatzea espero dut bihar»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abenduaren 13a

Lau Térdiko zortzigarren txapela izanen du jokoan bihar, Aimar Olaizolak. Eta egungo txapeldunak Juan Martinez de Irujo izanen du aurkari, beste behin. Bilboko Bizkaia pilotalekuan neurtuko dira 17:00etatik aurrera.
Txapelketan zehar, sentsazio onik gabe eta txispa faltarekin aritu izana aipatu izan du  goizuetarrak eta halaxe azaldu zuen ostegunean, pilota auke­ra­keta eta gero: «Joko aldetik, antzeko sentsazioekin jarrai­tzen dut. Ez naiz beste urteetan bezain komodo sentitzen, baina finalean egonda, ezin dut esan gaizki nagoenik. Moles­tiarik ere ez dut inon. Eta aitzakiak sobran daude jada. Espero dut bihar txapelketako partidarik onena jokatzea».

Sakea eta errestoa
Buruz burukoan, sakea oso garrantzitsua dela dio Olaizolak, baina baita errestoa ere: «Argi daukat, sakatzeaz aparte, ongi errestatzen ez badut zaila izanen dela irabaztea». Eta Irujo, oso ongi ikusten duela azaldu du: «Beti bezala, oso ongi ikusten dut. Bi eskuekin belozidade ikaragarria ematen dio pilotari eta distantzia honetan ikaragarri jokatzen du. Irabazteko, asko jokatu beharko da».
Zazpi txapela izateak lasaitasuna ematen dion galdetuta, berriz, halaxe dio: «Partidu honi begira, aurreko txapelek ez dute balio, bakar bat ere irabazita ez baneuka bezala da. Txapela guztiak diferenteak dira eta partida guztiak ere bai».  
Materialari dagokienez, Irujok eta berak aukeratutako lau pilotekin oso gustora azaldu zen: «Marroi horietako bat aukeratu du Juanek eta hori da pixka bat desberdintzen dena, baina orokorrean oso berdin­tsuak dira denak, eta egokiak distantzia honetarako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!