Aranoko Udalak beharra ikusi zuen Goizuetako bonbero boluntarioekin harremanetan jarri eta larrialdi edo sute baten aurrean nola jokatu zehazteko. Ordutik hartuemanean dabiltza eta lehengo larunbatean sute baten simulakroa egin zuten Aranon. Goizuetako bonbero boluntarioak eta Larrialdietarako Nafarroako Agentziako (ANE) suhiltzaileak izan ziren bertan, besteak beste. Goizeko 10:00ak aldera egin zen, baina 03:00ak izanen balira bezala egin zen simulakroa, eta pertsona bat barruan zela, etxe batek su hartu izan balu bezala jokatu zuten. Biktima erreskatatu eta sutea itzaltzeko eman beharreko pauso guztiak eman zituzten. Goizuetako parkeko kamioia, esaterako, 18 minututan iritsi zen. Anbulantzia eta land roverra lehenago iritsi ziren. Simulakrotik, hainbat kalkulo eta ondorio atera zituzten kasu erreal bat izatekotan, kontuan hartu beharrekoak.
Simulakroaren ostean, suhiltzaileak Udal ordezkariekin eta alguazilarekin elkartu ziren eta azalpenak eman zizkieten. Herritarren funtzioa ere fundamentala dela azaldu zuten, behar bezala aktuatzeko. Horrez gain, Udalak azaldu zien ekipo txiki bat edukitzeko beharra, suhiltzaileak iritsi bitartean eskuhartzeko, eta aztertzekotan geratu dira.
Joxan Ruizek grabatutako bideoa da hemen ikusgai dagoena.