«Lehen, udaletxean tramite bakoitza egiteko, toki desberdin batera joan behar zinen. Orain, edozer gauza dela ere, Harreran bertan egingo da». Hala azaldu zuen Luix Intxauspe alkateak, atzo, Herritarren Harrera Zerbitzuaren aurkezpenean. Astelehenean jarriko dute martxan, eta helburua da herritarrei zerbitzu zuzenena eta egokiena ematea.
Hiru modu, tramiteak egiteko
Udalarekiko harremanak sinpletzeko, hiru modu eskainiko dituzte, tramiteak egiteko. Aurrez aurrekoa izango da nagusia, eta tramite guztiak egin ahal izango dira bertan. Zenbait tramite, telefonoz ere egin ahal izango dira.
Webgune berrian, tramiteetarako txokoa
Internet bidez egitea izango da hirugarren aukera. Atzo estreinatu zuen Udalak webgune berria, www.hernani.eus, eta bertan jarri dute atal bat, Tramiteak eta Zerbitzuak izenarekin. Horretarako, kodea eskatu behar da udaletxean. Harreran bertan ere, ordenagailu bat jarri dute, tramiteak internet bidez egiteko.
Aldundiko eta Jaurlaritzako erregistroa ere, bertan
Beste zerbitzu bat ere emango du Harrerak: Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan erregistratu beharreko dokumentu guztiak, nahikoa izango da bertan entregatzea.