lata emateko gogoz dira aurten ere, Iraulio Panttalone Bertso Eskolako kideak. Nahikoa ekitaldi antolatu dituzte, bertsozaleak asetzeko. Umeentzako saioarekin hasiko da 2014ko edizioa, eta urtea bukatu bitartean, beste bost ekitaldi edo saio izango dira.
Bertso musikatuak, Gaztetxean
Gaztetxea izango da eszenatokietako bat, datorren ostiralean. Gaueko 22:00etan hasiko da Bertso Musikatuak saioa, eta Amaia Agirre ariko da gai jartzaile lanetan. Maila haundiko bertsolari gazteak aukeratu dituzte, saio honetarako: Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’, Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi.
Jaialdi nagusirako sarrerak, egunean bertan
Bertsolatak jaialdi nagusi bat izaten du ardatz, eta aurtengoa abenduaren 27an izango da. Goi mailako sei bertsolariren magiaz gozatzeko aukera izango da edizio honetan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Nerea Elustondo, Arnaitz Lasarte eta Jexux Mari Irazu. Gai jartzaile-zirikatzaile lanetan Agin Laburu ariko da. Hitzordua 19:30etan jarri dute, Biterin. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai.
Fernando Amezketarra jaio zela, 250 urte
Nobedadea Eñaut Agirre, Aitor Atxega eta Imanol Kamioren eskutik etorriko da aurten. 1764 urtean jaio zen Fernando Amezketarra bertsolari ospetsua, eta honen omenezko saioa antolatu dute: Fernando Amezketarra, 250 urte. Haren bertsoak kantatuko ditu Agirrek, eta pianoz eta gitarraz lagunduko diote Kamiok eta Atxegak. Abenduaren 30ean izango da, Biterin, 19:00etan.
Errondak, urteroko legez
Olentzerorekin aterako dira Gabon gaueko erronda egitera. Hernaniko baserrietatik barrena egingo dute buelta. Autobusez joango dira, eta zita, 15:30etan egin dute, Biterin.
Urte Zahar egunean ere badute hitzordua. Errondan aterako dira, Kaxkoko kaleak girotzeko gogoz. Poteoa eta bertsoa izango dira protagonista, azken egunean.