Atzo hasi ziren Karabelgo zubi zaharra botatzen, behin zubi berria martxan dela. Horrela, ekidin egingo da zubi zaharrak sortzen zuen ur-mailaren haztea, URA agentziaren arabera. Izan ere, zubi zaharraren zutabeek emari-hustuketa oztopatzen zuen.
URAk azaldu duenez, uholdeei aurre egiteko ezinbesteko neurria zen zubi berria egin eta zaharra botatzea. Zati horretan, uraren maila igotzea saihestuko dute, eta segurtasun hidraulikoa areagotu.
1844an eraiki zuten Karabelgo zubia, Ugartemendia arkitektoaren proiektua oinarri hartuta, 1805ekoa.
Eraisketa, zatika
Zatika botako dute zubi zaharra, eskuz zein makinak erabiliz, lehergailurik gabe. 5 arku berdin dauzka zubiak, eta Karabel aldeko bi arkuetatik hasi dira botatzen. Akarregi aldeko biak eraitsiko dituzte ondoren, eta erdiko arkuarekin bukatuko dute.
Aurreneko arkua botatzeko, ibaiaren ertzean jarri dute makina, eta bertara atera dute materiala. Besteekin, berriz, eraitsi beharreko arkutik kanpo jarriko dituzte makinak, eta zubiko materiala alboetara aterako dute. Hala ere, materialaren zati bat ibaira eroriko da. Bukatutakoan jasoko dute eroritako guztia.
Eguraldiak laguntzen badu, astebetean bukatuko dutela aurreikusi dute.
1844an eraikitako zubia
170 urte egin ditu Karabelgo zubi zaharrak zutik. 1805ean egin zuen proiektua, Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoak. Proiektu hartan, hiru arku izan behar zituen zubiak.
Ez zen orduan eraiki, ordea, 1844an baizik. Ugartemendiaren proiektua hartu zuten oinarri, baina bost arkuko zubia eraiki zuten, hirukoa beharrean.
Neurri gehiago, uholdeak prebenitzeko
URAk agentziak azterlan bat egin zuen 2008an, Karabel inguruan uholdeak prebenitzeko neurriak hartzeko. Neurri horietako bat, zubi berria eraiki eta zaharra botatzea zen. Horrekin batera, fosa bat ere eraiki beharko dute, Karabel auzoa babesteko, eta ibaia auzoan ez sartzeko. Izan ere, 9 metroko kota dauka Karabelek.