Aurreko igandean izan zen Usurbilen XVIgarren Erle Eguna eta urtero bezala, Euskal Herriko Ezti Txapelketa jokatu zen. Bertan, Markox Pagola ereñotzuarrak txapela lortu zuen ezti argietan. Iaz ere, hartu zuen parte Pagolak eta txapela eta bigarren saria irabazi zituen. Txapela ezti ilunetan lortu zuen eta bigarren saria mila-loreetan.
Sariarekin pozik
Pagolak 25 bat urte daramazki eztigintzan eta iaz, kuriosidadeagatik, probatzeagatik aurkeztu zen txapelketara. Bi sari lortu zituen eta aurten ere modu berean aurkeztu dela azaldu du: «Ez da nere lehentasuna txapelketetan parte hartzea, baina tokatuz gero, animatzen naiz. Gainera, oraingoan, lana neukan eta alaba joan da nere partez». Eta sariak poza ematen duela nabarmendu du: «Urte guztian honetan aritzen naiz eta emaitza saritzeak poza ematen du». Orain, Santo Tomasetan aurkezteko asmoa dauka, iaz bezala.
Ereñotzuko eztia, saritua
Pagolak, Ereñotzun, Gaubean (Valdegovia) eta Andimendin dauzka erleak. Ereñotzun egindako eztia izan da saritua. Mila-lore bezala eraman zuten, iaz bezala, baina ezti argia zela esan zieten. Ezti ilunetan aurkeztutakoa, Valdegovian egina zen.