Egoera politiko berrian, preso eta iheslarien errealitatea zein den landuko dute gaur Biterin. Natzak antolatuta, hitzaldia eskainiko dute, iluntzeko 19:30etan.
Hiru izango dira hizlariak: Joseba Azkarraga, Sareko kidea; Juan Mari Olano preso oiha; eta Anais Funosas, Bake Bidean elkarteko bozeramailea. Politikan ibilbide bereziki zabala izan du Azkarragak: Kongresuko diputatu izan zen ia 15 urtez, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburu ondoren, 2001etik 2009ra. Gainera, Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia izan zen, 2007tik 2009ra.
Gaurko hitzaldia, Biteri kultur etxeko areto nagusian izango da, eta preso eta iheslarien gaia sakontasunean tratatuko dute.
Josu Muguruzari buruzko liburua, asteartean
Gaurkoa ez da Natzak antolatu duen saio bakarra, abendurako. Datorren asteartean, hilak 16, Josu Muguruzari buruzko liburua aurkeztuko dute: Balek hondatu ez zuten ametsa. Mikel Zubimendi idazleak berak egingo du aurkezpena, eta horrekin lotuta, beste emanaldi bat ere izango da: Zohardia dokumentalaren trailerra eskainiko dute saio berean. Lander Iruinek egindako dokumentala da, Markel Andiarekin batera, eta aurreneko zipriztinak emango dituzte. Hori guztia asteartean izango da, Biteriko areto nagusian, 19:30etan.