Ez dute ondo hasi finalerako bidea, Zeberiok eta Barrenetxeak, Binakako Txapelketan. Galdu egin zuten finalerdietako aurreneko partidua, Ezkurra II eta San Miguelen kontra (36-40). Zailago daukate orain, final haundia jokatzea, baina ez ezinezkoa. Horretarako, gaur eman behar dute aurreneko pausoa. Semifinaleko bigarren partidua jokatuko dute, 16:00etan Galarretan, eta irabazi beharra daukate, txapelketan bizirik jarraitzeko. Izan ere, hiru partidutara jokatuko dira finalerdiak, eta gaur galduz gero, txapelketatik kanpo geratuko lirateke Zeberio eta Barrenetxea.
Irabazteko, jokoa hobetu behar
Aurreneko partiduan, ez ziren ondo aritu, ez Zeberio eta ez Barrenetxea. Hernaniarrak ez zuen aprobetxatu sakatzeko daukan gaitasuna, eta Zeberio gutxi sartu zen jokoan. Bere jokoa hobetu beharko dute gaurkoan, irabazi nahi badute. Berriro ere, Doneztebeko bikotea izango da faborito. San Miguelek dominatu zuen aurreneko partidua, 21 tanto eginda. Lana izango du Barrenetxeak, Buruz Buruko txapeldunari aurre egiteko. Partiduari gogoz heltzeko arrazoiak ere badituzte, ordea. Aurrenekoan, partidu ona jokatu gabe, 36 tantora iritsi ziren. Txapelketako ligaxkaren bukaeran erakutsitako maila ona berreskuratu behar dute. Hala bada, bizi-bizirik dago semifinala.