«Bigarren geratzea izaten da pena haundiena, baina oso gustora geratu nintzen saioarekin»

Kronika - Erredakzioa 2014ko abe. 10a, 01:00

Txapeldunorde izan da Arnaitz Lasarte, berriro ere, Xenpelar Sariaren finalean: «beti bigarren izatea ez da atsegina, eta gainera, horixe izaten da pena haundiena, irabaztetik gertuen geratzea». Baina pena baino, poza dauka haundiagoa, egindako saioa­gatik: «oso gustora geratu nintzen egindako saioarekin».
Nerea Ibarzabal marki­na­rrak jantzi zuen txapela, 562,5 puntu lortuta, Lasar­tek baino 20 puntu gehiago. Biak aritu ziren buruz bu­ru­ko lehian, nor baino nor, txapeldun izateko. Bertso onenaren saria, berriz, Maider Arregi oñatiarrak jaso zuen.

«Maila haundiko bertso saioa izan da»
Ibarzabalek eta Lasartek joka­tu zuten txapela, baina oroko­rrean, bertsolari guztiak na­bar­mendu zituzten Jesus Mari Irazuk eta Beñat Gaz­te­lu­mendi bertsolariek, saioa amaitu berritan: «maila haun­diko bertso saioa izan da».
Arnaitz Lasartek berak ere, saio polita izan zela azaldu du: «barrutik desberdin ikusten dira gauzak, baina maila txukuna izan zuen finalak. Gauza onak egon ziren. Esango nuke ondo hasi ginela, binakako saioan, baina gero moteldu egin zela, bakarka aritu ginenean».

«Luze jo zuen saioak, 21 bertso kantatu nituen»
Polita bezain luzea izan zen finala, ereñotzuarrak azaldu duenez: «luze jo zuen saioak, guztira 21 bertso kantatu nituen. Eta azkenerako, luzeegi ere egin zitzaigun».
Lasartek berak, freskota­sun falta nabaritu zuen buka­eran: «hasieran, ofizioko saio­an aritu nintzen gustorago, fres­koago ere banengoelako. Baina oro har, beti moldatzen naiz hobeto binakako saioetan, umorea ere jokoan sartzen denean». Hala izan zen fina­lean ere: «buruz buruko lehian, gehiago kostatu zitzaidan».

«Hasi eta berehala poto egin nuen; ondo etorri zitzaidan ez konturatu izana»
Aurreko sariketetan baino erosoago aritu zen Lasarte: «izatez naiz urduria, baina konfiantza gehiagorekin aritu nintzen finalean, eroso». Segurtasun guztia galtzeko zorian egon zen, ordea: «hasi eta berehala, poto egin nuen, baina ez nintzen konturatu ere egin. Ondo etorri zitzaidan, konfiantza mantentzeko».
Gazteen artean, azkeneko sariketa zuen Lasartek, eta ez irabaztearen pena geratu zaio: «19 eta 23 urte artean, bertsoari denbora gutxiago eskaintzen nion, eta orain engantxatu naiz berriro. Pena da ezin lehiatzea gehiago, gazteekin».

Hurrengo erronka, Gipuzkoako Txapelketa
Bertsoaren saltsan jarraitzea du helburu Lasartek, eta jarri du hurrengo erronka: Gipuz­koako Txapelketa, maiatzean. «Hirugarren aldia izango da, baina konfiantza gehiago daukat orain. Kanpoan gera­tuz gero, ez da aurreneko aldia izango. Eta txapelketan ema­ten dudan pauso bakoitza, ongietorria izango da».


https://www.youtube.com/watch?v=tLISyccv5HQ&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=Y-Be_NAECGg&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=iBdq8YTiIEU&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=Tix7-IIEqH0&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=pJWdMkQktwQ&feature=youtu.be

https://www.youtube.com/watch?v=B3sYC358Z3k&feature=youtu.be
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!