Santo Tomas feria izango da larunbatean, Astigarragan. Goiz osoan zehar, 10:30etatik 14:00etara, postuak, erakusketak eta jaialdia izango dira, besteak beste, Foru plazan.
Ikasleen gozoak, nazioarteko postreak...
Postuetan, jakirik ez da faltako. Ikasleek egindako gozoak, bertako laborarien produktuak eta nazioarteko postreen dastaketa izango dira aukeran. Erakusketak ere, ugari: txorimaloak, abereak, tresna zaharrak, aintzinako argazkiak, eskulanak, baserritar jantzien erakusketa eta nola jantzi erakusteko txokoa... Horrez gain, aurpegia margotzeko gune bat jarriko dute eta Korrikako materiala ere salgai egongo da. Xaguxar, AEK, Astigar eta Udalaren laguntzarekin egingo da feria.
Eskolaren sorrera ospatzeko
11:30etan, haurren kantu jaialdia izango da eta Astigarragako Herri Eskolaren sorrera ospatzeko ekitaldia ere egingo da.
Itxiera eta zozketa
14:00etan itxiko da feria eta zozketa egingo da orduan. Euskal arrazako txerrikiz osatutako bi otar zozketatuko dira. Txartelak tabernetan daude salgai.