Joan den asteazken eta ostegunean Hernaniko lau ikastetxeetako 15 gelatako haurrak izan ziren bertsolari, Biteri kultur etxeko areto nagusian. Bi egunetan aretoa lepo zela kantatu zituzten bertsoak eta zenbait guraso aho zabalik ere atera zen, etxeko neska-mutilen abildadeak ikusita. Agortzen ez den harrobia da Hernanikoa, historikoki nahiz gaur egun, bertsoarekin harreman estua izan duen herrikoa. Izan ere, badira 3 urte Buruntzaldeko ikastetxeetan bertsolaritza hezkuntza arautuan ematen dela. Euskerako ikasgaiaren barruan ematen dute, astean ordubetez. Bertsozale elkarteak bultzatako proiektua da, udalek diruz laguntzen dutena eta urtez urte geroz eta ikastetxe gehiagok hartzen du parte. Hernanin 15 gela desberdinetan eman da aurten bertsolaritza, 9-12 urte arteko 400 neska-mutili; bada zerbait.
Eskaria haunditzen
Aurtengo ikasturtean, Gipuzkoako 4.500 haurri eman diete bertsolaritza hezkuntza arautuan eta datorren ikasturtean 5.000 haurretik gora izango dira, ikastetxe eta udalek eskaria haunditu egin baitute. Bertsozale elkarteko sei irakasle ari dira klaseak ematen, eta Buruntzaldea barruan Unai Muñoa lasartearra da arduraduna. Guztira 44 gelatan ematen du bertsolaritza, hamabostean behin.
«Bertsolaritzak transmititzen ditu zeharkako balore asko neska-mutilentzat oso garrantzitsuak direnak»
Unai Muñoa da Hernaniko Langile, Urumea, Elizatxo eta Inmaculada ikastetxeetan bertsolaritza ematen duena, Buruntzaldeko gainerako ikastetxeekin batean. Ikasturte guztiko lana erakutsi dute ikasleek aste honetan Biterin, eta Muñoa berari ere ´satisfazioa` ematen dio bere ikasleak bertsotan entzuteak, beren bizitzan bertsoa sartu izanak. Lasarteko bertsolari honek bertsoa du ofizio eta afizio, eta ofizioan ere afizio hori ikasleei transmititzen saiatzen da, Kronikari esan dionez.
Hernaniko lau ikastetxeetan ematen duzu bertsolaritza.
Bai hamabost talde ditut eta hamabostean behin ematen dut bertsolaritza euskera ikasgaiaren barruan. Euskerako irakaslea da gahinerako egunetan ematen duena. Ni ere bertsolari liburua hartzen dugu oinarri eta hor modu nahastuan bertsolaritzaren historia azaldu eta ariketak egiten ditugu. Gure helburuetako bat da proiektuaren bukaeran, hau da, bi urteak bukatzean, ume bakoitza kapaz izatea bertso bat akatsik gabe egiteko. Eta lortzen da. Nik aurten egin dut proba: ume bakoitzari orri bat eman eta 20 minutu utzi, eta ia guztiek egiten dute bertsoa akatsik gabe eta ondo. Materiala erakargarria izaten saiatzen gara: jolasak erabiliz, beren inguruko gaiak erabiliz...
Programaren helburua zer da umeak bertsotan ikastea, euskerarekin trebatzea...?
Orain arte hezkuntzan ahozkotasunak ez du toki haundiegirik izan eta horri leku egitea garrantzitsua da. Gainera, bertsolaritzak transmititzen ditu zeharkako balore asko, neska-mutilentzat oso garrantzitsuak direnak: irudimen gaitasuna, memorizaziorako gaitasuna, edo hizkuntzarekin jolastea, kritikotasuna...
Euskera maila eta espresio maila eskasak direla esaten den garai hauetan, bertsolaritzak zerbait aportatu lezake hezkuntzan?
Nik uste baietz. Gainera bertsolaritza detektore ona da, eta nik ikusi dut gaur egun euskeraz espresatzeko zer zailtasun dituzten ikasleek. Neska-mutil askorentzako euskera maila oso limitatua da: badakite, baina ez daukate errekurtsorik forma ezberdinak erabiltzeko, esapide desberdinak esateko... eta bertsoak eskatzen du hori, neurrian kabitzen ez den ideia bat beste modu batera esatea, edo hitz batek balio ez badu sinonimoa bilatu behar da, metaforak erabili behar dira... bertsoak ematen die aukera hizkuntzarekin jolas egin eta beste alor batzuk lantzeko.
Ikasleen artean zer jarrera du bertsolaritzak?
Orokorrean oso ona. Eta asko da bertsoak berak ez dituen elementu batzuk badirelako tartean: kanpotik etortzen da beren irakaslea ez den norbait hamabostean behin, ordubeterako, eta ez ditu notak jartzen... bestetik, jolasak-eta asko erabiltzen ditugu, saiatzen gara gazteentzat ordubete dibertigarria egiten. Eta hori somatzen dute eurek, horrela hartzen dute. Kurtso erditik aurrera, hala ere, zenbait ikasle konturatzen da jolasteaz gain sakrifizioa ere eskatzen duela, eta ariketa horretan batzuk deskolokatu egiten dira. Baina orokorrean harrera oso ona egiten diote.
Hernani herri bertsozalea izan da eta da. Nabaritzen da hori?
Familia oso euskaldunak dituztenetan eta nabaritzen da transmisio hori, baina gehiengo haundi bati oso arrotza zaio bertsoa. Eskolan ikasi dituzten lau gauza badakizkite, baina bertsoarekiko harreman estuegirik ez dute.
Eta gaur egun Hernaniko gaztetxo bati Txirrita edo Maialen Lujanbio aipatu eta ba al daki nor den?
Bai, horiek espreski ezagutu egiten dituzte, Txirrita, Maialen, Irazu... hernaniarrak direlako, telebistan ateratzen direlako eta abar. Eta proiektu honi eskerrak orain abanikoa zabalagoa dute, gehiago ezagutzen dituzte.
Proiektua Buruntzaldean sartu zenetik ari zara hemen lanean. Gustora?
Bai, oso gustora nabil. Hiru urte daramazkit eta oso gustora nabil. Momentu batzuk estresanteak izaten dira, 44 gela asko baitira eta gauza desberdin asko prestatu behar baita, baina oso gratifikantea da niretzat. Nik bertsoa oso barrutik bizi dut eta hori transmititzeko aukera izatea oso haundia da niretzat. Gainera nik uste hori transmititzen dudala: Txirritaren pasadizo bat kontatzen badiet euforia askorekin kontatzen diet, edo bertso bat kantatu... eta uste dut hori transmititzen dela. Nik gozatu egiten dut.
Nola uztartu litezke lan hau eta bertsolari izatea?
Ondo, baina agian bertsotarako kaltegarria izan da. Lehen nik banuen nire lana, eta bertsoa, lagunekin gozatzeko gauza bat zen. Baina orain dena da bertsoaren jiran. Eta orain nabaritzen dut nire denbora librean hainbesteko gogorik eza eta deskonektatu beharra. Asteburuan bertso saio bat izan liteke, baina agian ez dut joan nahi.
Lan honek bertsolaritzaren harrobian eragingo du?
Bai, bai. Nik uste dut Hernanin nabaritu zela, bigarren urtean bertso eskolan jende askok eman baitzuen izena. Eta gure ahalegina ere bada hori, gogoa dutenak bertso eskolara bideratzea. Ikastetxeetan bertso idatzia da gehien lantzen duguna, eta bertso eskoletan bat-batekora saltoa emateko aukera dute. Urte gutxian bertso eskola asko sortu beharko da herrietan, izango den eskariari erantzuteko. Badira herri batzuk bertso eskola dutenak, baina asko dira gabekoak eta sortuz gero ikasleak izango lituzketenak. Aurrerantzean ondo pentsatu eta prestatu beharreko gaia izango da.