Azken bilera izango da gaur kultur aniztasunaren inguruko plangintza osatzeko. Aurrez beste bi bilera ere egin dira eta egoeraren diagnostikoa egin eta plangintzaren helburuak eta erronkak landu ostean, ekintzak zehaztuko dituzte gaur. Udalak abiatutako prozesua da hau, jatorri desberdineko herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz, eta Elhuyar aholkularitza ari da gidari lanak egiten. Jon Abril da teknikaria eta prozesuaren garrantzia azpimarratu du: «Denon artean osatu behar dugu Astigarraga, guztion artean pentsatu nola nahi dugun bizi elkarrekin, ditugun arazo eta kezkak konpartitu behar ditugu, eta aurrera egiteko erronkak finkatu. Lan hori guztion artean egin beharrekoa da. Horrelako prozesuak ezinbestekoak dira, herria kohesionatzeko, herria egiteko, eta herriko giroa hobetzeko».
Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da saioa kultur etxean eta herritarrei dei egiten diete parte hartzeko.
Hemendik aurrera ere, lanean
Plangintza osatzeko, gaur azken bilera izan arren, prozesua ez dela gaur bukatzen azpimarratu du Abrilek: «hasiera baino ez da». Lanerako mahai edo talde egonkor bat sortu nahi dute.