Hernaniko PSE-EEk parte hartzeko triptikoak banatuko ditu herritarren buzoietan, bihartik aurrera. Horietan aurkeztuko diete Udal Hauteskundeetarako hautagai izango dena, Ricardo Crespo. Eta aldi berean, lankidetza eskatuko diete hernaniarrei.
Jakinarazi dutenez, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte: «horrela, hobeto ezagutuko dugu zein diren Hernanik dauzkan beharrak, eta denon artean hobetuko dugu gure herria».
Programa parte hartzailea, Udal Hauteskundeetarako
Hauteskundeetarako, programa parte hartzaile bat osatu nahi du alderdiak: «programak kontuan hartuko du Hernaniko herritarrek aditzera ematen digutena. Programa errealista izango da, hurrengo legegintzaldian gauzatu dezakeguna».
Horretarako, herritarrei eskatzen diete, bete dezatela buzoietan jasoko duten triptikoa beraien ekarpen eta proposamenekin, eta entregatu dezatela alderdiaren egoitzan: Casa del Pueblo, Elkano kalean.
Asanblada irekia, larunbatean
PSE-EEk, bestalde, asanblada irekia antolatu du larunbat honetan, eta dei egin die herritar guztiei, bertaratu eta parte hartzeko. Biterin izango da, goizeko 11:00etan, eta hauteskundeetarako programa landuko dute. Aurreneko saioan, birsorkuntza demokratikoaz, herritarren parte hartzeaz, gardentasunaz... ariko dira.